GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | Poesia eguna Senperen

«Hatsaren poesia»ren hamargarren urteurrena ospatu dute Senperen

Hatsa elkarteak orain hamar urtetik argitaratzen duen «Olerki bilduma» aurkeztu zuen atzo Senperen. Sormena eta literatura ulertzeko filosofia irekiaren isla izan zen poesia idazle eta, oro har, poesiazale ugari bildu zituen jaialdia.

p055_f01.jpg

Oier GUILLAN

Urtez urte poesiaren jaialdi honen habia Oxtikenia etxea izan bada ere, poesiazale ugari elkartzen duen Hatsaren poesia bildumaren X. urteurrena ospatzeko, Senperen bertan dagoen Larraldea etxe ederrera jo zuten atzo literaturazaleek.

Hamabietan hasi zen jendea iristen, banaka, taldeka. Auxtin Zamorak, Hatsako kide eta idazleak, adeitsu egin zien denei harrera, nolabaiteko «idazle burutsuen batzar» bati baino, urtean behin elkartzen den lagunarteari bidea emanez. Lehenik eta behin liburuan parte hartu duen orok ale bat topatuko du bere zain mahai gainean, izen eta guzti, ehun partaide inguru izan arren, banan-banan guztiei ongi etorria emateko.

Berrogei bat lagun elkartu ginen, eta hasieratik suma zitekeen airean elkarteak oinarrian duen filosofiaren isla. Liburuan parte hartzea baldintzarik gabekoa izaki, denetariko idazleekin egin genuen han topo: adin ezberdinekoak, Euskal Herri osotik etorritakoak, aurrez liburuak argitaratutakoak eta sekula argitaratu gabeak. Gozagarria da poesiazalerik gazteena JosAnton Artze edo Juan Mari Irigoienen mailako idazle esperientziadunekin sentimenduei buruz, bizitzari buruz, edo beste ezein gai xumeri buruz hitz egiten ikustea; liburuko orriak zabaldu, eta Miren Agur Meabe edo José Luis Otamendiren lanen alboan hainbat ikastolatako haurrek idatzi dituzten poemak topatzea, guztiak elkarren ondoan.

Hamabiak aldera hasi zen jaialdia. Auxtin Zamorak hartu zuen lehenik hitza: «Munduak, bere baitan daukan atomo txiki bat adierazteko ere, ez du aski hitzik aurkitzen, hatsa du baizik ematen». Sarrera hitza, Iñaki Bastarrikak idatzi zuen, baina Andoni Salamerok irakurri zuen haren ordez. «Hitz egokiak bere buruari eusten dio eta iraun egiten du, margolan egokiak bezala, hasierako egokitasun berberarekin. Bizitako hitzak egokitasunez adieraztea, ez dugu gehiago eskatzen. Zorionez, Hatsa elkarteak urrezko kutxa bat du bizitako hitz horiek gordetzeko». Urtez urte zozketa bidez erabakitzen da nork egingo dion bilduma osoari lehen orrietatik harrera. Hurrengorako, JosAnton Artzeri egokitu zaio ardura hori. Aurkezpena Artzeri egindako opariarekin amaitu zen, Artzeren urtebetetzeak Hatsarenarekin egin baitu bat aurten, eta txalo zaparrada hunkigarria jaso zuen.

Bazkariaren inguruan jarraitu zuten elkarrizketek, harremanek... eta, nola ez, poesiek; izan ere, liburua bezain adierazgarri bilakatu baita dagoeneko urteroko bazkalosteko poesia errezitaldia. Mikrofonoa han ibili zen, eskuz esku, ahotsez ahots; banan-banan, apurka-apurka, sentimenduak eta aldarriak mahai gainera jausiz doaz, entzule denen gozagarri.

Bazkalosteak baino, poesia-osteak jotzen du luze; baina Hatsakoek beti gordeko dute ezustekoren bat, poesia errezitaldiak eta ikuskizunak batik bat. Aurtengo sorpresa, Zamorak berak atondu duen «Barne burbuilak» izeneko ikus-entzunezko lana izan da. Hatsak ikastolaz ikastola aritzen da poesia haurrekin lantzen, eta pantailak haurrek berek idatzitako laginak erakutsi dizkigu, Zamorak ateratako argazkiek eta musikak lagunduta agertu dira umeen lanak.

Egun gogoangarria izan ohi da Senperen apirileko lehen igandeetan bizi ohi dena. Poesiatik haratago, sormena modu askean bizi, erabili eta elkarbanatzeko borondatea eta aldarria helarazten dielako apika, bertaratutakoei; merkatuaren aginduetatik urrunduz, jar daitezkeen muga guztiak baztertuz, idazle miretsia eta idazle amestua adjektiborik gabe mahai beraren inguruan, elkarrizketa beraren inguruan paratuz.

Hatsaren urteurrenak izango du ordea, segidarik, ekainaren 7an omenaldia egingo baitzaio Lizarran, Nafarroako idazleek antolatu ohi duten poesiaren egunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo