BAT FORMULA | Bahreineko Sari Nagusia
Itzalik gabe «cavallinoa» desertuan
Massak asteburu osoan erakutsitako nagusitasuna ezarri zuen eta Raikkonen sailkapeneko buru da Hamiltonek huts egin ostean
GARA | SAKHIR
Ez zuen aurkaririk izan Ferrariko zaldiak Sakhirreko basamortuan eta Felipe Massak ez zuen oztoporik izan denboraldiko bere aurreneko garaipena eskuratzeko. Gidari brasildarrak kolpe bakarrez isildu nahi izan zituen azken asteetan Maranelloko taldetik kanpo gera daitekeelako zurrumurruak. Irteeran arazorik gabe gainditu zuen Robert Kubica poloniarra eta asteburu osoan erakutsitako erritmoari ekin zion. Bahreingo zirkuituan eroso ikusi zuen bere burua aurten ere Felipe Massak; horrela bada, iaz lortutako balentria errepikatu egin zuen.
Lasterketak irteera garbia izan zuen, nahiz eta 180 graduko lehen bihurgunean zalaparta gehiago espero izan. Hala ere, kaltetuak egon ziren. Kubicak larunbatean hainbeste borrokatutako lehen postua segundo gutxiren buruan galdu zuen. Poloniarra lehenengo gainditu zuena Massaren Ferraria izan zen; hurrena, berriz, Raikkonenena. Ferrari etxeko bi gidariek, itzuli azkarrak txandakatuz, gutxika gainontzeko aurkariekiko aldea zabalduz joan ziren eta, hala, denboraldian aurreneko aldiz, lehenengo bi postuak lortu zituzten. Atzoko lasterketan Raikkonen ez zen gai izan bere taldekidea gainditzeko, baina atzo eskuratutako puntuei esker, finlandiarra txapelketako lider berri da hiru puntuko aldearekin.
McLaren gaizki
Txanponaren beste aldea McLaren taldeak erakutsi zuen. Hamilton asfaltoari josita geratu zen semaforoak argi berdea piztu zuen une berean eta, guztira, sei gidarik utzi zuten atzean britainiarra. Hamilton hamargarren posturaino erori zen, eta une horretatik aurrera etorri zitzaizkion arazo guztiak. Izan ere, sekula ez du garaipenik erdietsi aurreneko postutik atera gabe eta atzeko posizio horietan ohi baino akats gehiago egin ditu Bat Formulan daramatzan bi urteetan. Britainiarrak postu asko aurreratu beharra zuen faboritoenganaino hurbilduko bazen; beraz, ez zeukan arriskatu beste biderik. Horrela, hirugarren itzulia bukatu orduko, Alonso aurreratu nahian, asturiarraren autoaren atzealdea kolpatu zuen eta, ondorioz, bere McLarenaren muturra galdu zuen. Ozta-ozta lortu zuen boxetara iristea eta arazoa konpondu arren, denbora asko galdua zuen. Txapelketako lidergoak nola ihes egiten zion ikusi behar izan zuen gainontzeko itzulietan.
Kovalainen taldekideak ere, ez zuen espero zen maila eman. Nahiz eta lasterketako itzulirik azkarrena emateko gai izan, Finlandiarra ezinean aritu zen gainontzeko itzulietan eta ez zuen aukerarik eduki BMW Sauber autoekin podioa eskuratzearren borrokatzeko. Irteeran laugarren postura aurreratu arren, ezin izan zion postuari eutsi, eta bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
Egun beltza izan zuen Alonsok ere. Renaulteko asturiarrari autoa kaltetu zitzaion Hamiltonekin izandako txokean eta atzeko aleroiaren zati bat hondatuta zuela jarraitu behar izan zuen lasterketan. Arazoa ez zen larria izan, baina matxura hori eta kotxearen errendimendu kaxkarra zirela-eta, ezin izan zuen Bahreineko Sari Nagusian puntu bakar bat ere eskuratu .
Puntuak batu eta batu ari direnak, BMW Sauber etxeko bi gidariak dira. Kubicak asteburuan egindako lan bikaina biribildu zuen, eta aurtengo txapelketan bigarrenez jarraian igo zen podiora; aukera gutxi izan zituen hasieran Massari eusteko, baina lasterketaren lehen herenean Raikkonenen itzala izan zen. Heidfieldek ere txukun bete zuen lana, eta zarata gutxi aterata sailkapen nagusian bigarren postura egin du salto.
Lewis Hamiltonek ez du erraz ahaztuko Bahreineko Sari Nagusia. Ostiralean istripu larria izan zuen eta atzoko lasterketan ez zuen bere eguna izan. Irteeran gaizki aritu zen eta Alonsorekin izandako talkan lidergoa galdu du.
Atzoko Kubicaren eta Heildfielden hirugarren eta laugarren postuei esker BMW Sauber etxea taldeen sailkapeneko aurreneko postuan dago. Argi geratu da, gaur egun, bera dela Ferrari eta McLaren autoen hautabide bakarra.