Berezkoen Binakakoa
Idiart-Waltarik finalerdiak jokatzeko txartela lortu dute
Idiartek saketik egin zituen tantoak erabakigarriak izan ziren
Jon LEUNDA | MILAFRANGA
Idiartek eta Waltarik Binakako Txapelketako finalerdiak jokatzeko txartela lortu zuten atzo, nahiz eta lehen fasea jokatzeko oraindik partida bat falta zaien. Alfarok eta Dermitek amaitu dute lehiaketa, eta ez dute aurrera egiterik.
Emaitzak bestelakorik ematen baldin badu ere, neurketa ez zen kaskarra izan, eta Alfarok eta Dermitek ere ez zuten neurketa txarra egin. Gakoa, botean egon zen, zortzi gehiago sartu baitzituen Idiartek, eta hori erabakigarria izan zen.
Aurretik
Lehen tantoan berdinketa izan zen, baina hortik aurrera zulo dezente ireki zuten Alfarok eta Dermitek, zaleen ezusterako. Itxaropen honek, ordea ez zuen luzaroan iraun, Idiart eta Waltari jokoan sartu, eta 20-0ko partziala lortu zuten, markagailuan 22-10 aitzineratuz.
Tarte handi samarra; beraz, zaleak garbi zuten garaipena nora joango zen, eta ez zuten okerrik egin, halaxe izan baitzen. Hala ere, galtzaileek berriro ere faboritoak estutu nahi izan zituzten, eta zazpi kintzetara gerturatu ziren, 32-25. Hortxe geratu ziren galtzaileak, lapurtarrak eta kubatarrak 8-0ko partziala sartu zuten, eta norgehiagoka amaitu egin zuten.
Berezkoen Txapelketako lehen fasea amaitzeko jardunaldi bakarraren faltan, gauzak honelaxe daude. Lehen multzoan Ibarrola-Ozafrain eta Sorhuet-Ezkurra daude puntu banarekin, baina lehen bikoak amaitu egin du lehen fasea. Etxeberri-Kurutxari punturik gabe daude, eta sailkatzeko azken jardunaldian alde handiarekin irabazi beharko lukete.
Bigarren multzoan gauzak garbiago daude. Idiart-Waltari eta Larretxea-Etxeto sailkatuta daude. Azkeneko jardunaldian elkarren aurka jokatuko dute, eta multzoko lehen postua izango dute jokoan.