GARA > Idatzia > Mendia

Eskalada Grandes Jorasses

«Manitua» bidea bigarren aldiz neguan

Grandes Jorasses-ko ipar horman dagoen «Manitua» marraren (6c, A3, 70º, 1.100m) azken egileak Drouillat, Ducroz eta Francois izan dira. Hirukoteak era alpetarrean eskalatu zuen.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Nahiz eta oso urriak izan diren, urte hasieratik aipatu izan dugu Grandes Jorassesko ipar harresi handian mugimendua izan dela neguan. Horien artean ditugu No Siesta, Desmasion-Gousseault... Orain, berriz, zailtasunezko alpinismoaren jolas-leku horretan aipatzekoa den beste jarduera garrantzitsu bat ekarri dizuegu. Manitua bideaz ari gara. Ipar horma enblematiko horretan alpinista gakoa izan den Slavko Sveticic esloveniarrak bakarka zabaldu zuen; hori bai, duela 36 urte. Bai, 1971. urtean, lau eguneko (uztailaren 8a eta 10a artean) jardueraren ostean, goi mailako marra sinatu zuen. 1.100 metroko bide horrentzat, Manitua-rentzat, honako zailtasun teknikoak proposatu zituen: 6c, A3, 70º.

Gezurra badirudi ere, 22 urte igaro behar izan zuten Manitua-k bigarren igoera absolutua eta lehenengo negukoa jaso zitzan. 1993ko otsaila zen Fluder, Golab, Sanborski eta Piecuch laukote poloniarrak Sveticicen bidea eskalatu zuenean. Ondoren beste igoera batzuk izan ditu, baina joan den otsailera arte neguko besterik ez. Hiru egunez paretaren sarreran bibaka egin ostean lortu zuten neguko bigarren igoera Benoit Drouillat eta Pascal Ducroz frantsesek eta Vanesa Francois belgikarrak; gainera, era alpetarrean. Otsailaren 18tik 24ra izan zen, eta, oro har, zailtasun tekniko handienak goialdean aurkitu zituzten.

Manitua bidea Jean Christophe Lafaille zenaren Decalege (A3/A4, 6a, 55º, 770 m) eta Le Chemin des Etoiles (A3/A4, 6b, 55º, 700 m) marren artean dago. Inolako zalantzarik gabe, bide ederra da eta, zailtasun teknikoei dagokienez, oso iraunkorra. Hasteko, «Monolito» izeneko tarte tente zein trinkoa gainditu behar da. Sona handiko Croz hesia du eskuinean eta, zuzen-zuzen diedro zein artesi sistema bat jarraitu ondoren, Croz hesiarekin batuta jotzen du gailurrera. Zailtasun tekniko handiena irteerako luzea da: 6c eta A3+. Sveticicek 8 milimetroko hainbat parabolt jarri zituen bidean zehar, eta aipatutako azken luze gogor horrek istorio bat baino gehiago izan ditu; oraindik ez du inork igo era askean.

Hirukoteak ere arazoak

Aipatu dugu irteerako luze horrek buruhauste handiak sorrarazi dizkiela bertatik barrena igotzen saiatu diren sokada guztiei. Eta, jakina, gure gaurko protagonistek ere izerdi franko bota behar izan zuten zailtasun hura gainditzeko.

Otsailaren 23a zen; 15.00ak. Drouillati egokitu zitzaion luze zail horretan saiatzea. Sokaburu zihoan, baina, une batean, zailtasun tekniko gogor horiek amore emanarazi zioten. Ez zuen paraboltik eskura. Gainera, Escoffier handiak bide berean izan zuen erorian parabolt bat eraman zuen berarekin. Drouillatek atzera egitea erabaki zuen. Ducrozek hartu zuen ardura. Ez zegoen batere seguru; izan ere, bide osoan zehar eroriko batzuen batzuk jasan zituen.

Haren sokakideak lortutako puntu gorenera iritsi zen. Gako batzuez baliatuta, oso mugimendu arriskutsuak egin ondoren, nola-hala, Le Nez bidearen amaierarekin elkartu zen. Bole eta Cortese italiarrek zabaldutako bidea da Le Nez (7c, 1.000 m). Luze horretan Bolek hiru parabolt sartu zituen 7c graduko tarte hori gainditu eta ondo babestu ahal izateko. Ducrozek ere gailu horiek ondo baino hobeto erabili eta ertzera iristea lortu zuen. Gaua gainera etorri zitzaien eta Crozen amaieran dagoen izotz maldan egin zuten bibaka: «Pena izan zen bibaka han egitea. Uste dugu pixka bat azkarrago joanda bibaka egiteko leku eroso bat aurkituko genuela. Azkenean, uhaletatik zintzilik pasatu genuen gaua». Biharamunean jo zuten gailurra.

Horrela bada, hirukote frantses-belgikarrak Manitua-ren neguko bigarren igoera erdietsi zuen; gainera, igoera osoa era alpetarrean egin zuten. Ducrozen hitzetan, (No Siesta ere egina du) Manitua aipatutako izarra baino gogorragoa da: «Biak ala biak eskalatu ditut, eta ziurtasunez esango dut Manitua gogorragoa dela. Horrez gainera, uste dut bide osoa era askean igo daitekeela; baina, hori bai, horretarako oso eguraldi ona behar da».

Gogora dezagun Le Nez bideak Manitua-ren goialdean bat egiten duela eta Bolek Sveticicen marraren 7a eta 7b zailtasuneko bi luze era askean kateatu zituela. Hala ere, Manitua-ren amaiera zentzuzkoena A3+ graduko luzetik igotzea da. Italiarra saiatu zen luze hori era askean igotzen, baina, baieztatu zuenez, denbora eta saio gehiago behar zituen. 1994. urtean, talde frantziar batek adierazi zuen Manitua bidearen luze guztiak era askean igo zituela, azkena izan ezik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo