GARA > Idatzia > Kultura

Bere lanen alde «gizatiarra» erakutsi nahi du Matxinbarrenak Koldo Mitxelenako Ganbaran

p062_f02_.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoak Alvaro Matxinbarrena donostiarraren «Kemen isuria» erakusketa zabaldu du, eta ekainaren 14a bitartean izango da ikusgai. Erakusketa honek baditu berezko hainbat ezaugarri; ez du obra bilduma jasotzen, artistaren etapa guztietako, batez ere, azken 10 urteetako, «amaiera» lana baizik.

«Kemen isuria» bi zatitan antolatu da: liburu bat eta erakusketa bera. Azken honek, gainera, Ganbarara igo aurretik azken urteetan artistak egindako obrak erakusten dituen bideoa eta KMko azken solairuan ikus daitekeen obra biltzen ditu.

Juan Pablo Huercanos Jorge Oteiza Fundazioko zuzendaria izan da liburuan ageri diren idatziak egin dituena. «Ez da katalogo bat, liburu bat da, bertan, Alvaroren azken hamar urteetako lanaren istorioa ageri da», argitu zuen.

Artista donostiarraren azken urteetako obrari erreparatuta, Huercanosek esan zuen haren lanek «ia ikusezinak diren beste errealitateen» inguruan hitz egiten dutela. Ganbara Aretoan ikus daitekeen obraren gainean, berriz, «ezerezaren mugan dagoen aitorpenaren adierazle garbia da eta aldi berean hunkitu ere egiten du», esan zuen.

Matxinbarrenak berak, bere lana abstraktua dela azaldu zuen aurkezpenean eta, aldi berean, «erreala» dela azpimarratu, eta «ni bizirik nagoela bezain erreala», gaineratu zuen. Izan ere, «edozein formaren alderik gizatiarrena» erakusten du artistak, bere hitzetan.

KMko Ganbaran ikusgai den «Kemen isuria» erakusketak kontainer itxura du; kutxa beltz handi bat da, airean zintzilik dagoela ematen duena, eta guztiz irekitzen ez den ate bat du, eta hortik «ezereza barreiatzen da», egileak berak azaldu zuenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo