XV. Jardunaldi Pedagogikoak aldarrikapenak besapean hartuta abiatu dira
Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak urtero antolatzen dituen jardunaldi pedagogikoak Euskal Curriculumaren proiektua eta egungo finantzaketa sistema ahotan hartuta abiatu ziren atzo. Gaur eta bihar ere hainbat aditu mintzatuko dira irakaskutza eta pedagogia gaiez.
GARA |
Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak urtero antolatzen dituen jardunaldi pedagogikoak atzo abiatu ziren Gasteizen, besteren artean, Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrikaren eta Hezkuntza sailburuorde Pedro Otxoaren presentziarekin. Erakundeko presidente Koldo Tellituk eman zien hasiera topaketei irekiera hitzaldiarekin.
Egungo erronken gainean mintzatu zen eta arreta berezia eskaini zion Euskal Curriculumaren proiektuari. Egindako lanaren ostean erronka berri bat zabalduko dela iragarri zuen, «praktikan ipintzea, hau da, egunez egun ikastetxeetan eta klase barruan ematen den curriculuma, martxan jartzea».
Horretarako, baliabide pedagogikoak bai, baina baliabide ekonomikoak ere premiazkoak direla nabarmendu zuen eta, ildo horretatik, lege berri baten premia dagoela azaleratu zuen: «Lege horrek birdefinitu egin beharko luke hezkuntza sistema, hezkuntza zerbitzu publiko bakar modura, jabetza-eredu anitzekoa, non ikastetxe bakoitza bere zerbitzuaren ezaugarrien arabera nabarmenduko den, eta ez titulartasun ereduaren arabera».
Sarrera hitzaldiaren ostean, Lovainako Unibertsitateko Xavier Roegiersek hartu zuen hitza. Europan zein beste kontinenteetan konpetentzien ere- mua nola lantzen duten azaldu zuen eta ikastolen lana goraipatu zuen: «Bi hilabete daramatzagu Konfederazioarekin harremanetan, eta ohartu gara egiten ari diren horrek bat egiten duela Integrazioaren Pedagogia hitzekin laburbiltzen den gure planteamenduarekin», adierazi zuen.
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle Carles Monereok ikasketa estrategien irakaskuntza izan zuen hizpide. «Estrategiak irakastea autonomoak izaten irakastea da, ikasten irakastea», esan zuen. Kultura digitalaren inguruko haus- narketa egin zuen. «Irakasleok uste dugu gure buruan dagoen ezagutza bazter guztietara eraman behar dugula; ikasleak, berriz, pantaila eta telefono mugikorren artean jaio dira, jakintza sarean dagoela uste dute, eta adituak dira informazioa bilatzen. Alde horretatik, irakasleek ikasleei lagun diezaieketela azaldu zuen, teknologiak oraindik orain testu idatziez beteta daudelako. Ildo horretatik, ikasgeletan ikasketa estrategiak nola landu azaldu zuen.
Jardunaldiek gaur izango dute bigarren saioa. Xavier Roegiers eta Elena Cano adituek hartuko dute parte, eta Lazkaoko eta Zizur Txikiko ikastolen esperientzia aztertuko dute.
EHIKeko presidente Koldo Tellituren ustez, lege berri baten premia dago. Honen arabera, «ikastetxe bakoitza bere zerbitzuaren ezaugarrien arabera nabarmenduko da, eta ez titulartasun ereduaren arabera».
Xavier Roegiers eta Elena Cano adituen azalpenak ez ezik, Lazkaoko eta Zizur Txikiko ikastolen esperientziak aztertuko dituzte Gasteizko Europa Jauregian batutako parte hartzaileek.