Gasteiztik Aramaiora bizikleta martxa egin dute AHTren aurka
Gasteizko gazte mugimenduak Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren aurkako bizikleta martxa antolatu zuten joan den astebururako. Hala, ehun pertsona inguruk Arabako hiriburutik Aramaiora doan bidea egin zuten ostiralean eta larunbatean. Azken herri horretara iristean, alkatearekin bildu ziren eta ondoren afaria eta kontzertuak izan zituzten. Ekimenaren antolatzaileek ibilde osoan Ertzaintzak izan zuen «jarrera oldarkorra» salatu dute.
GARA |
AHTren aurkako herri mugimenduak aurrera jarraitzen du, eta ez du amore ematen. Hala, iragan asteburuan Gasteizko gazte mugimenduak Aramaiora bizikleta martxa antolatu zuen trenbide makroproiektu horren aurka protesta egiteko asmoz. Ekimenean 100 pertsona inguruk parte hartu zuten.
Aramaiora iritsi ostean, taldeak hainbat ekitaldi eta ekimen egin zituen; Asier Agirre (EAE-ANV) herriko alkatearekin ere bildu ziren eta, horrez gain, afaria eta kontzertuak izan ziren.
AHTren aurkako ekimena ostiralean arratsaldeko seietan Gasteizko gaztetxetik abiatu zen. Bizikleten gainean, trenbide zaharraren bidea hartu zuten Leintz Gatzagara iristeko. Ekimenaren antolatzaileek GARA- ri jakinarazi ziotenez, eremu horretan Eibar-Gasteiz autobideak eta AHTren lehenengo obrek ingurumenean eragin duen «suntsipenak» zur eta lur utzi zituen ibiltariak.
Hala, ibilbidean aurrera egin zuten Leintz Gatzaga Gipuzkoako herrira iritsi arte. Bertan, kanpadendak jarri zituzten eta ederki afaldu ondoren Iñaki Varonak «Vasco-Navarro trena, burdinbide zaharra» lana aurkeztu zuen, egun hartan ezagutu zuten trenbidearen historia azalduz parte hartzaileei.
Une latzak
Larunbatean, gazte mugimenduko kideak goizeko bederatzietan esnatu ziren eta bizikletak hartu ondoren Aramaiorako bidean jarraitu zuten. Hala, Jarindo mendira igo ziren eta bertatik autobideak ingurumenean egin duen kaltearen inguruan luze eta zabal mintzatu ziren.
Dena dela, Aramaiora iristear zeudenean ibiltariek une latzak igaro zituzten, azken egunetako euri zaparraden ondorioz bidea nahiko egoera kaxkarrean zegoen-eta. Hala eta guztiz ere, Gazteiztik abiatutako taldea ez zen kikildu eta, azkenean, 15.00 aldera Aramaiora iritsi ziren.
Orduan, hankei atsedena eman, eta beste kide batzuek prestatutako bazkari goxoa dastatu ahal izan zuten, eta bazkalostean, 17.30ean, Zabalo auzora joan ziren, batzuk bizikletaz eta besteak oinez. Antola- tzaileek azaldu dutenez, AHT makroproiektu «suntsitzaileak» eremu horretan eragingo dituen kalteak egiaztatu ahal izan zituzten. Hala, trenbide proiektu horren aurkako oihuak ere bota zituzten.
Alkatearekiko elkartasuna
Ondoren, Aramaioko alkatearekin bildu ziren, eta egun herrian bizi den egoera azaldu zien berak. Gero, 20.00etan herriko tabernetan triki-poteoa egin zuten bertsolariez lagunduta. Gau partean, herri afaria izan zuten eta horren ostean Espolio, Musikherria Araba eta Pesticidas taldeek kontzertuak eskaini zituzten. Igandean, azkenik, traste guztiak bildu ondoren, Gasteizera itzuli ziren.
Gasteizko gazte mugimenduak salatu duenez, ibilde osoan Ertzaintzaren hainbat patruilen presentzia eta «jarrera oldarkorra» jasan zuten.
Era berean, Aramaioko alkatea Abiadura Handiko Trenaren gaineko herri kontsulta egin izateagatik auzipetuta egotea ere gogor salatu dute eta harekiko «elkartasuna» adierazi.
Hein horretan, asteburuan egindako bizikleta martxak, oro har, gizartea AHT makroproiektuaren aurka dagoela agerian uzten duela salatu dute ekimenaren antolatzaileek.
La gestión y transporte de los residuos radioactivos es un gran problema quos quos radioactivos es un gran problema quos quos radioactivos es un gran problema que pued.
Gazte mugimenduko kideek ibilbidean zehar Ertzaintzaren hainbat patruila atzean izan zituztela salatu zuten, eta era berean, Polizia autonomikoaren «jarrera oldarkorra» gaitzetsi zuten.