GARA > Idatzia > Kultura

«Zulo bat uretan» egin du Iñigo Aranbarrik memoriari eusteko

Hezurrak aspaldi ari omen zitzaizkion Iñigo Aranbarriri deika. Denboraren poderioz obsesio ere bihurtu zen dei horren ondorio da «Zulo bat uretan», Susaren eskutik argitaratu duen nobela. Ezinaren eta egin beharraren arteko dilema eta memoria ditu ardatz nagusietakoak.

p061_f01_097x132.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

Itoizko urtegia betetzeko, Artzibarko herriak husten ari dira. Hilerrietako hezurrak ere atera egin behar. Langintza horretan ari da Maite Andueza forentsea, Oscar Iriarte etorkin argentinarraren laguntzaz. Haiengana jo du, erreportaje bat egin nahian, Imanol Arellano kazetariak. Halako batean, telefono dei batek erne jarri ditu: inguru hartan lurperatutako hildako guztiak ez daude kanposantuetan.

Hau da thriller izan gabe thriller kutsua ere baduen «Zulo bat uretan» nobelaren abiapuntua.

«Titulua ezinaren eta egin beharraren definizio bat da, eta nobelako pertsonaiei planteatzen zaizkien dilemekin du zerikusia», argitu zuen Aranbarrik atzo eginiko aurkezpenean.

Egia esan, bat ez ezik, hiru ere badira egileak nobelako uretan egin dituen zuloak: hilerritik kanpoko hildakoarena (gerrosteko makiarekin zerikusia duena), Argentinako desagertuena (Iriarte «montonero»ekin eta lotuta egon baitzen) eta Hans Langsdorff «Graf Spee» gerraontzi naziko kapitainarena.

«Nobelak, eta bereziki Arellanok, historia eta memoria bereizten erakutsi dit -esan zuen egileak-. Historiak, datuen zabortegi bihurtzeko arrisku handia du. Memoriak, berriz, hildakoak eta bizidunak elkartzen gaitu. Memoriak, literaturak bezala, historiak ez bezala, emozioak azaleratzeko gaitasuna du. Arellanok badu hor kezka handi bat: kazetaritza maite du, baina berak kontatzen ez badu, hilerritik kanpoko hezurrena bezalako istorio horiek guztiak kontatu gabe geratuko diren susmoa du. Prentsaren mugaz ohartuta, nobela bat idazteari helduko dio».

«Zulo bat uretan» obsesio baten ondorio da. «Badira urte mordo bat, hezurrak hasi zitzaizkidan deika -esan zuen egileak-. Hasieratik Lasa eta Zabalarenak zirela esango nuke. Desagerketaz idatzi zen gehiena batu nuen eta Busoteraino ere joan nintzen. Belaunaldi nobela bat idatzi nahi nuen. Ez nuen adorerik batu, ordea».

Aspaldion, nobelarik ez

Obsesioak hor jarraitzen zuen. 2002an, beste hezur batzuek dei egin zioten: Itoizko urtegia zela-eta, herriak ez ezik, hilerriak ere hustu behar zituzten. «Istorio nagusia hor nuela konturatu eta fikzio hau eraikitzen hasi nintzen. Bazegoen aspalditik kaskoan nerabilen historia txatal bat: makiari laguntzeko Alderdi Komunistak Iruñean sortutako sarea. Horra zer zuten kontatzeko hezurrek: irabazleen eta galtzaileen arteko larderiazko harremanak, porrot egin zuen amets baten barnean».

Azken urteotan, artikulu eta saiakerak landu ditu Aranbarrik, baita poesia ere. «Emon biar yako» 1994an argitaratu zuenetik, berriz, ez zion nobelari heltzen, eta jakin-min handia sortu du «Zulo bat uretan» lanak. Horren lekuko izan zen ekitaldia. Bertan, Gorka Arrese argitaratzailea eta Jose Luis Otamendi aurkezlea ez ezik, Joxerra Garzia eta Harkaitz Cano ere egon ziren, beste batzuen artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo