«Irakurri, gozatu eta oparitu» kanpaina 17 herritan egingo du Topaguneak
GARA | BILBO
Liburu Egunarekin batean hasiko da gaur Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak «Irakurri, gozatu eta oparitu» egitasmoaren bigarren edizioa. Egitasmoa, euskarazko irakurketa sustatzea helburu duena, 17 herritan gauzatuko da, tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker.
Herriko liburutegi publikora joan eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea da kan- painan parte hartzeko lehenengo urratsa. Zein liburu aukeratu ez dakitenentzat, adinaren arabera sailkatutako ehun liburu gomendatzen dituen zerrenda bat egongo da eskuragarri.
Liburua irakurritakoan, bigarren urratsa: liburutegiari bueltatu eta fitxa sinple bat betetzea (zein izan den liburua, zer inpresio hartu duen irakurleak...). Fitxa beteta, liburuzainak deskontu txar- tela emango dio irakurleari, hitzartutako liburu dendan erabil dezan.
%25eko deskontua
Azken urratsa, iaz bezalaxe, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati edo norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, %25eko deskontua izango du irakurleak liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erosterakoan (%50ekoa Euskara Elkarteko kidea izanez gero).
Topagunea.org/irakurri webgunean, liburuei buruzko informazioa aurkituko dute irakurleek. Iritzi trukea egiteko aukera ere izango dute.
«Irakurri, gozatu eta oparitu» egitasmoa gaur hasi eta uztailaren 26an bukatuko da.
Kanpaina honetan parte hartuko duten tokian tokiko elkarteak honakoak dira: Bai Esan (Santurtzi), Berbots (Erandio), Asapala (Mahatserria), Ganoraz (Igorre), Berbaro (Durango), Euskal Birusa (Ermua), Euskarabila (Basauri), Gurien Bai (Iurreta), Uhagon (Markina), Eixu (Zaldibar), Maxixatzen (Azkoitia), Jardun (Bergara), Zuhatza (Deba), Aizpea (Irurtzun), Bierrik (Etxarri Aranatz), Karrikaluze (Atarrabia) eta Kima (Altsasu).