GARA > Idatzia > Ikusmira

Lurra suntsitzen duen «garapena»

Atzo, Lurraren Nazioarteko Eguna, gure planeta, ingurumenari dagokionez, egoera kezkagarrian dagoela gogorarazteko eguna izan zen. Baina badirudi lurrak egun bat baino gehiagoko arreta behar duela. Hala ikusten du Lurrak, Euskal Herrian eta mundu osoan indarrean dagoen garapen eredua dela-eta. Izan ere, lurraren defentsa ingurumena jagoteko herri eskaerak modu batez edo bestez isilaraztea, are negozio bihurtzea ez bestelako zerbait baita, «borondate ona» erakusteko adierazpenetatik harago. Lurraren egoera gero eta penagarriagoak badu erantzule argirik: indarrean dagoen garapen eredua. Eta eredu horren aldeko apustua dagoen artean, «garapen iraunkorra» esaten dioten arren, egoera horrek okerrera egingo du. Horren erakusle argi eta basatia da maputxe herriaren borrokak salatzen duena. Lurrari lotutako herria da maputxea, eta «lurraren jagole» izateagatik, hain zuzen, kriminalizatua eta zigortua. Berea ez den garapen eredu batek, bere lurreko petrolioaren eta gasaren bila doazen transnazionalek, gobernuen laguntzarekin, bere lurra modu basatian ustiatu eta suntsitzearen aurka agertzeagatik. Hara, «garapen» horren adibide on bat: maputxeak 12.000 urtean naturarekin harremanetan bizi izan dira, eta azken 200 urteetan argentinar eta txiletar estatuek haien lurraldearen %70 suntsitu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo