GARA > Idatzia > Alaves

Alaves

David Coromina: «Azken jardunaldira arte sufritu beharko dugu mailari eusteko»

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Larunbatean Las Palmasen egindako atzealdeko hutsak errepikatu ez daitezen, José María Salmerónek hizketalditxo bat izan zuen taldeko defentsekin atzoko entrenamendu saioa amaitzean. Hala, Kanaria uharteetan gaizki egindakoen eta hobetu daitezkeen alderdien gainean aritu ziren, Elcheren aurka, beraien atea behin ere ez urratzeko.

Azken partidan, zigortuta zegoela-eta, jokatu ezin izan zuen David Corominak hitzaldi horretan esandakoen berri eman zuen prentsaurrekoan. «Egindako akatsez aritu gara, baita ondo egindako gauzetaz ere, horiek zaindu eta akatsak konpontzeko asmoz. Hitzaldi lasaia izan da eta jendea gogotsu ikusten dut. 90 minutuetan egon behar dugu kontzentratuta, ez soilik ordu erdian edo partida erdian», azaldu zuen kataluniarrak.

Taldearen egoerari buruz, Corominak esan zuenez, «badirudi aste batean erdi lasai egotera eta hurrrengoan sufritzera ohitu garela. Dinamika hori aldatzen saiatu behar dugu. Ea igande honetan irabazterik dugun, baina, hala izanda ere, ez genuke ezer eginda izango. Ez dezala inork pentsa lau jardunalditan libre egongo garenik, hau oso luzea baita, eta azken jardunaldira arte sufritu beharko dugu», adierazi zuen atzelariak.

Partida batetako zigorra

Lehiaketa batzordeak partida batetako zigorra ezarri zion atzo Teofilo Delgado, Alaveseko materialaren arduradunari, Las Palmaseko partida amaitu ostean epaileari «putakumea» esateagatik. Menak partida bateko zigorra izango du txartelengatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo