Kaltek «Larrosik gabeko bidea» kaleratu du ibilbide luzea egin ondoren
GARA | GALDAKAO
Kalte talde bizkaitarrak disko berria kaleratu du ``Larrosik gabeko bidea'' izenburuarekin. Hamaika kantu bildu ditu Usansoloko laukoteak Baga-Biga zigiluarekin plazaratu duen lanean.
Kalte 2000. urtean sortu zen. Bi urte geroago lehenego maketa atera zuen argitara «Tortura» izenarekin. Metal indartsuaren alde egin du banda bizkaitarrak.
Gitarra sendoak entzuten dira abestietan, nortasun handiko ahots melodiko eta garbiekin batera. Latzen eta Metallicaren lanen eragina nabari da, baina musikari bakoitzak baditu bere erreferenteak, estilo desberdinetakoak gainera. Horien guztien artean oreka lortzea izan da euren lehenbiziko diskorako izan duten xede nagusienetakoa.
``Larrosik gabeko bidea'' Kalteren melodia indartsu eta kementsuen adierazle da. Taldeak tempo arinak eta azkarrak, erdiko tempoak eta baladak aukeratu ditu lehen disko honetarako. Pieza gogorrak badira ere, ez dira zail egiten entzumenerako. Riff indartsuena ere lasai entzun daiteke.
«Larrosik gabeko bidea» Baga-Biga estudioan grabatu zuten iazko abuztuan eta irailean, Kike Mora teknikariaren laguntzarekin. Musika-ekoizpena Kalte taldearen, Beñat Agirreren eta Kike Moraren artean egin dute. Diskoaren masterizazioa Cesar Ibarretxek egin du Donostiako Elkar estudioan. Kalte taldeak erritmo metal melodikoak gustuko dituen jendea asetuko du.
Taldekideek azaldu dutenez, «Larrosik gabeko bidea» «hasieratik gaur egun arte ibili behar izan dugun bide zaila»ren erakusle da. «Ez da bide erraza izan -gaineratu dute-, oztopo ugari izan ditugu, eta hori da diskoaren azalean amaierarik gabeko bidearekin eta larrosa eta burezurrarekin irudikatu nahi izan duguna, ; gure melodia eta amorrua islatzen du».