NBEko Valentina Milanoren hitzaldia gaur Gasteizen
GARA |
Valentina Milano Nazio Batuen Erakundeko goi komisarioaren funtzionarioak «giza eskubideak eta garapenaren lankidetza» aztertuko ditu gaur Gasteizko Ignacio Aldecoa kultur etxean, 19.30ean. Aurten Giza Eskubideen Adierazpenaren 60. urteurrena da, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek, alor horretarako adostutako lankidetzaren eta koordinazioaren ildotik, antolatu dute hitzaldi hau. Izan ere, hiru erakundeak «ga-rapenaren lankidetzan giza eskubideen ikuspegia txertatzea» jorratzen ari dira, NBEk gomendatu bezala, eta gaian sakondu aitzineko lehen urrats gisa antolatu dituzte hitzaldiak. Atzo Bilbon izan zen, eta bihar Donostiako Miramar Jauregian izango dute hitzordua, arratsaldeko 18.30ean.
Mary Robinson Giza Eskubideen Aldeko goi komisarioak azaldu zuenez, helburua «egoerak giza beharren edo garapen esparruaren arabera azaldu beharrean, gizabanakoaren eskubideei erantzuteko beharraren arabera egitean datza». Bere hitzetan, «giza eskubideetan oinarrituriko ikuspegiak oinarri moral sendoa ematen dio erkidegoari laguntza aldarrikatzeko eta giza eskubideak errespetatzen dituen munduko ordena ekonomikoa defendatzeko». Modu horretan, «pertsonei justizia, eskubide gisa, ez karitatezko ekintza gisa, eskatzeko ahalmena ematen zaie», nabarmendu zuen.
Planteamendua berria da, eta NBEk gomendatu zuenetik pixkanaka txertatzen ari omen da.