GARA > Idatzia > Musika

Diru kontuak (I): musika emanaldien helburu anitzak

Aritz SOUND SYSTEM | Kazetari eta musika adiktoa

Euskal Herrian ehunka dira astebururo antolatzen diren musika emanaldiak. Modu azkar eta oso orokorrean esanda, hiru eratako emanaldiak izan ohi dira. Guztietan, era batera edo bestera, musikarekiko zaletasuna dago, baina, helburu desberdinak dituzte. Horietako batzuek helburu ekonomikoa dute nagusiki; hau da, saioarekin negozioa egin eta dirua ateratzea bilatzen dute. Ekimen pribatuak izaten dira, maila profesionalean aritzen dira eta arrakasta lortu duten musikariekin antolatzen dituzte emanaldiak. Harremana komertziala izaten da eta nahiko arautua dago. Beste emanaldi batzuetan helburu nagusia musikaren zabalkundea da; hau da, musikazale talde batek (edo bakarka) gustukoak dituen musikariekin saioa antolatzen du. Antolatzailearen asmo nagusia gustuko dituen doinuak ezagutaraztea izaten da, eta emanaldian parte hartzen duten musikariena, berriz, egiten dutena jendeari erakustea (musikari ez profesionalak izan ohi dira). Hauetan, diruak ez du horrenbesteko garrantzirik; antolatzaileak ez du dirua irabazteko asmorik (askotan dirua ez galtzeko era guztietako eskujokoak egin behar ditu) eta musikariak ere ez du diruagatik egiten. Hirugarren motako emanaldietan helburu nagusia ez da musikaren zabalkundea, ezta dirua ateratzea ere (nahiz eta batzuetan honek garrantzi handia izan). Hauen barruan koka ditzakegu helburu politiko edo sozialekin bultzatutako emanaldiak. Hauetan musikak bere tartea izaten du, eta musika mezu zehatz batzuk zabaltzeko, jendea emanaldira erakartzeko edo beste eratako ekitaldien osagarri bezala erabiltzen da.

Modu orokorrean aipatu ditugun hiru eredu hauez gainera, badira gehiago, jakina, eta askotan, hiru ereduetako osagaiak elkartzen dira emanaldi batzuetan. Maila profesionalean ari diren musikariek nahiko arautua dute euren jarduera (bitartekariak daude, kontratuak, fakturak etab.). Maila ez profesionalean aritzen diren musikarien artean, ordea, (gehiengo nagusia) gauzak ez daude horren argi. Hauen artean, borondate ona eta sortutakoa erakusteko beharra da nagusi, eta bigarren maila batean geratzen dira emanaldia egiteko dauden baldintzak (teknikoak, ekonomikoak, etab.). Gaia konplexua da horrelako tarte laburrean behar bezala aztertzeko, baina, gure artean antolatzen diren musika emanaldi kopurua ikusita, antolatzaileen eta sortzaileen artean hausnarketa sakonagoa mereziko lukeela uste dugu.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo