GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Emakumeak

Murillo eta Azpiroz «muturra» sartzen hasi dira nazioartean

Bizkaia-Durango taldeko bi emakume martxotik lehiatu dira nazioartean, Italian, Belgikan, Herbehereetan eta Luxenburgon, eta urterik urtera hobekuntza nabarmena dute; beldurrari agur esan diote aspaldian, eta ausardiaz ari dira goi mailako lasterketetan

Unai IRARAGORRI | TOLOSA

Martxoaren 9tik nazioartean aritu da Bizkaia-Durango taldea. Seigarren urtez, Durangoko Txirrindulari Elkarteak nesken taldea bultzatu du, eta berriro ere lasterketa onenetan parte hartuko dute. Larunbatean, Iosune Murillo bederatzigarren sailkatu zen Luxenburgon. Izan ere, hobekuntza nabarmena izan dute azken denboraldietan eta, hala, azken bi hilabeteak atzerrian lehiatzen eman dute. Horren berri emateko, eta 2008 urteko helburuei buruzkoak azaltzeko, solasaldia izan dugu Murillorekin eta Arantzazu Azpirozekin.

Oso desberdinak dira. Azpiroz (Tolosa, 1981) azkarra da; Murillo (Barañain, 1980), ordea, hobeto moldatzen da aldapetan. Baina bide bera izan dute Bizkaia taldea 2003. urtean sortu zenetik. Batera lehiatu dira, baita hazi ere. Gero eta ausartago aritu dira nazioartean eta emaitzak erdiesten hasi dira. Gipuzkoarra Espainiako txapelduna izan zen orain dela sei urte, eta iaz Route de France itzuliko etapa bat eskuratu zuen, irabazleak positiboa eman baitzuen. Hainbat aldiz lehiatu dira Giro-an, Tour-ean eta Munduko Kopan.

Pozik azaldu dira; orain dela urte batzuk azkenak iristen ziren, lasterketak bukatzea zuten xede nagusia eta Joane Somarriba «maistra»ri ahalik eta gehien laguntzea. Txapeldunaren itzalean hazi ziren eta maila ederra lortu dute; egun, ez dute beldurrik eta «muturra» sartzen dute.

«Urterik urtera hobeto gabiltza eta lasterketa garrantzitsuak egiten ari gara», esan du Azpirozek. «Lasterketa desberdinak dira, hala nola haizea eta harbideak ditugu, eta esperientzia ikaragarria ematen du horrek», gehitu du tolosarrak.

Egutegi oparoaren eragina

Guztira, hamar bat lasterketetan lehiatu dira martxotik, Italian, Belgikan, Herbehereetan, Luxenburgon, Euskal Herrian eta Estatu espainolean.

Murilloren esanetan beste urteetan «baino hobeto» hasi dira. «Nik uste dut motibatuta hasi garela, eta neguan lan ederra egin dugu taldekook».

Batez ere, helburuen aldaketa nabarmendu du nafarrak, lehiatzeko era aldatzen hasi dira. «Lehen beti beldurrarekin ekiten genien lasterketei, besteak gu baino gehiago zirelakoan parte hartzen genuen; orain, berriz, prest gaude eta asmoa dugu ahalik eta aurreren muturra sartzeko». Ausardia ez zaio falta Murillori; hiru erorketa izan ditu atzerrian, eta belaunak «haur txikiak bezala» ditu.

Azpirozek hori baieztatu du. «Egutegi gero eta oporagoa izan dugu nazioartean, esaterako, aurten Munduko Kopako gehienetan ibiliko gara, eta Giroa eta Tourra ere egingo ditugu. Nazioartean lehiatzea asko nabaritu dugu, zalantzarik gabe. Ahalik eta aurreren amaitzen saiatzen gara, ihesaldiak harrapatu eta esprintetan sartu; lehen, berriz, bukatzearekin nahikoa genuen». Dena den, lehen hamarren artean bukatzea «oso zaila» dela nabarmendu dute, «aurrerapausoak» eman badituzte ere.

Bizkaia-Durango taldeak zortzi txirrindulari ditu aurten: Murillo eta Azpiroz eta Mireia Epelde, Gema Pascual, Ana García, Dorleta Zorrilla, Catrine Josefsson eta Eider Mendizabal.

«Giro oso ona dugu, Telletxea ahizpak alde egin duten arren. Egia esan, oso talde ona egin dugu eta polita; gure arteko harreman ona probetan islatzen da», argitu digu Azpirozek.

Otsailetik, bizikletan ari dira. Neguan, lana egiten dute, ordea. Emakumeen txirrindularitzari esker inor gutxi egiten da aberats. Adibidez, Murillok prestakuntza fisikoa ikasi zuen eta hori du ogibide, baina denboraldia hasi bezain pronto «bizikletari bakarrik» egiten dio kasu.

EUSKAL HERRIA

Hemengo egutegian, bi lasterketa dituzte emakumeek asteburuan. Larunbatean, Euskadiko Txapelketa izango da Araban, Erdoñan, hain justu ere. Igandean, berriz, Euskaldun Txapelketako proba egingo dute Sopelan.

Nafarra El Salvadorrera abiatuko da maiatzean

Aurrean duten egutegia ere goi mailakoa izango da. Hain zuzen ere, igandean, Munduko Kopan lehiatuko dira Bernan (Suitza); ekainean, Durangoko Klasikoa eta Emakumeen Bira dituzte etxean; uztailean, Italiako Giroan arituko dira; abuztuan Route France itzulian; eta, azkenik, Estatu frantseseko, Italiako eta Herbehereetako itzulietan ere lehiatuko dira denboraldia bukatutakoan.

Pekineko Olinpiar Jokoetarako hiru lekuak Iturriagak, Vilajosanak eta Morenok dituzte. «Hasiera batean horiek joango diren arren, hautatzaileak esan zigun oraindik ateak ez dizkiola inori itxi eta indartsuenak eramango dituela», gogorarazi du Murillok. «Beraz, nik iragarri nion saiatuko naizela erabaki hori hartzeko berari lanak ematen».

Mundialetarako, berriz, sei dira jokoan dauden txartelak, eta Azpirozek eta Murillok benetako aukerak dituzte Varesen parte hartzeko, iaz bezalaxe Stuttgarten. Albistea Murillok eman du, izan ere, El Salvadorren lehiatuko baita maiatzean Espainiako selekzioarekin, eta Iturriagarekin.

Maiatzaren 13an abiatuko da Murillo El Salvadorrera hiru probetan parte hartzeko asmoz, eta 27an itzuliko da handik. «El Salvadorren lehiaketa ugari izango ditugu, bi itzulitan eta egun bateko lasterketatan parte hartuko dugu. Horrelako bidai luzea dela medio, ez dakizu nola erantzungo dizun gorputzak; agian nekea nabarituko dut. Dena den, itxaropena dut sasoiko puntu hori lortzeko, eta Biran lan polita egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo