Elma Saizek, 32 urteko legebiltzarkide ohiak, Vicente Riparen tokia hartuko du Iruñean
GARA |
Ezezagun baten aldeko apustua egin du José Luis Rodríguez Zapaterok Gobernu espainolak Nafarroan duen Or- dezkaritzako agintari nagusi izateko. Elma Saiz PSNko legebiltzarkide ohia aukeratu zuen atzo Ministro Kontseiluak. Gasteizen Paulino Luesmarekin gertatu den bezala, Iruñean Vicente Ripak ere ez du karguan jarraituko.
Saizek 32 urte baino ez ditu, eta ez du orain arte ezer aipagarririk egin, ez instituzioetan, ez eta alderdi lanetan ere. Bere ardura berrian bi marka hautsiko ditu: Gobernu espainoleko Nafarroako Ordezkaritzan estreinako aldiz hartuko du erantzukizun nagusia emakume batek, eta Saiz izango da gainera inoizko delegatu gazteena.
Hautetsi gisa ere oso ibilbide murritza egin du Saizek. Iaz Nafarroako legebiltzarkide izan zen, baina ez hasieratik, kargua ez baitzuen lortu. José Luis Castejón alderdikidearen heriotza gertatu ondoren, ordezko gisa heldu zen Saiz Ganbarara.
Azkeneko hauteskundeetan, berriz, zerrenda horietan ez zen agertu, bai ordea Iruñeko Udalekoetan, baina kasu honetan ere ez zuen ordezkaritzarik lortu.
NaBai, karguaren aurka
Ezker abertzaleak beti egin duen bezala, kargu horren desagertzea eskatu zuen atzo Nafarroa Baiko legebiltzarkide nagusi Patxi Zabaletak. Bere hitzetan, «aurrerapenak eta modernizazioak hori eskatzen du».
«Nafarroan Poncio Pilato deitu ohi zaio ordezkariari -aipatu zuen-. Neurri guztiz eztabaidagarria duen administrazio bateko burua da: 3.000 poliziakide eta guardia zibil, foruzainak, udaltzainak eta zinpeko pribatuak. Gizarteak zuzendu behar du zama hori, segurtasuneranzko, elkarbizitzaranzko eta bakeranzko urratsak ematen».