Mariné Pueyo eta Iñaki Olalde Ezker abertzaleko kideak
Ezkerretik eraikiz, Euskal Herria libre eta sozialista
Eredu ekonomiko eta sozialak herri sektoreen bizi-baldintzen prekarizazioa eta pobrezia molde berrien agerpena dakar. Dagoeneko prekarietatea ez da laborala soilik, soziala ere bada, hots, bizi- baldintzen osotasunari eragiten dio
Aurten Maiatzaren 1a testuinguru berezian kokatzen da zalantzarik gabe. Izan ere, langile eta herri sektoreen urtetako lanak eta borrokak zor zaizkion eskubideak eskuratuz etorkizun askea, burujabea eta duina irabazteko aukera berri baten atarian jarri baitute Euskal Herria. Bien bitartean, kanpoko zein bertako klase menperatzaileak Euskal Herrian jorratzen ari diren proiektu kapitalista neoliberalak etorkizun hori hipotekatu nahian dabiltza. Izan ere, egungo marko juridiko-politiko horiek ez baitziren langile eta herri sektoreon behar eta interesei erantzuteko sortu; Neguriko oligarken, Nafarroako kazikeen eta Ipar Euskal Herriko jauntxoen interesak defendatzeko baizik.
Klase menperatzaile horien ordezkari politiko-instituzionalak (PNV, UPN, PSOE eta UMP nagusiki) aplikatzen ari diren politika neoliberalak Euskal Herria gero eta menpekoago izatea eragiten ari baitira. Jarduera ekonomiko estrategikoak ekimen pribatuaren eta multinazionalen esku uzten ari dira; deslokalizazioari eta desindustrializazioari bide ematen ari zaizkie; lehen sektorea hiltzera kondenatzen ari dira; ekonomiaren tertziarizazioa bultzatzen ari dira; landa eremuen eta hirien arteko desoreka ikaragarria bultzatzen ari dira; garraio, energia eta kontsumo azpiegitura erraldoien eraikuntzan oinarrituriko politika desarrollista jorratzen ari dira... Eredu ekonomiko eta sozialak herri sektoreen bizi-baldintzen prekarizazioa eta pobrezia molde berrien agerpena dakar. Dagoeneko prekarietatea ez da laborala soilik, soziala ere bada, hots, bizi-baldintzen osotasunari eragiten dio.
Guztiarekin, erabakigune ekonomiko eta politikoak Euskal Herritik gero eta urrunago izan daitezen eragiten eta Euskal Herriaren balizko autoaskitasun ekonomikoa ezinezkotzen ari dira. Aipatu politika neoliberalak langile eta herri sektoreen bizi-baldintzen prekarizazio orokorra bultzatzen ari dira. Politika horiek esplotazioa areagotzea eta negozio esparruak ugaltzea dute helburu. Horretarako, batetik, langile eta herri sektoreek hamarkadetako borrokari esker erdietsitako eskubide sozialak deuseztatzen ari dira. Eta bestetik, orain artean merkantilizazioaren logikatik at izan diren esparruak pribatizatzen ari dira.
Logika horri erantzuten diote administrazio ezberdinetatik bultzatzen ari diren neurriak, hala nola: gero eta gehiago dira babesgabetasun eta ezegonkortasun egoeran dauden jendarte sektoreak: prekarioan lan egiten dutenak, etxebizitza duinaz gozatzeko ezintasuna dutenak, hipoteka ordaintzeko edota hilabete amaierara iristeko zailtasunak dituztenak... Bada, prekarizazio eta pobretze faktore horiek guztiak, gero eta jendarte-sektore zabalagoen bizi-baldintzak kaskartzen eta haietatik asko pobrezia-molde berrien arriskupean jartzen ari dira: gazteak, emakumeak, ikasleak, bekadunak, lizentziatuak, etorkinen sektore zabalak, nekazariak, abeltzainak, arrantzaleak, komertzio txikien jabeak. Areago, prekarietatea langile eta herri sektoreen zapalkuntza-molde berri bilakatzen ari dira. Izan ere, prekarietateak instituzionalizaturiko segurtasun falta eta babesgabetasun egoera orokor eta iraunkorrak langile eta herri sektoreak sumisioa eta esplotazioa onartzera bultzatzen baititu.
Guztiarekin, proiektu kapitalista neoliberala eta jendarte-molde prekarioaren hedapena herri sektoreok norbanako zein herri gisa bizi-proiektu eta herri-proiektu askeak, burujabeak eta duinak jorratu ahal izan ditzagun ezinbesteko oinarri material eta sinbolikoa suntsitzen ari dira.
Horiek hala, langile eta herri sektoreok aldaketa politikoa behar dugu, burujabetza behar dugu, bestelako eredu sozial eta ekonomikoan oinarrituko den Euskal Herria eraikitzeko. Bada, hori da ezker azbertzalearen proposamena. Aldaketa politiko eta sozialak aldaketa instituzionala eskatzen du ezinbestean. Izan ere, apartheid-aren instituzioak egungo estatus politiko, ekonomiko eta sozialaren gotorleku bilakatu baitituzte. Gatazkaren luzamenduaren eta langileon zapalkuntzaren kontura bizi diren horiek ez diete beren pribilegioei borondatez uko egingo. Zain egon gabe, langile eta herri sektoreok gaurdanik ekin behar diogu antolatu, borrokatu eta bizi dugun egoeraren aurrean etorkizunerako alternatiba erreal bakarra den Euskal Herriko Estatu sozialista eraikitzeari.
Gaurdanik ekin behar diogu kapitalismo neoliberala erro-errotik irauli eta hari zein haren logikari kontrajarriko zaizkien ekoizpen-modu, jendarte-molde eta bizi-eredu berriak sortzeari. Zeregin horrek, norbanako zein herri gisa bizi-proiektu eta herri-proiektu askeak, burujabeak eta duinak jorratu ahal izan ditzagun bermatuko duten oinarri material eta sinbolikoen aldeko borroka izan behar du abiapuntu: herri gisako menpekotasunaren aurkako eta burujabetzaren aldeko borroka; inposatzen zaizkigun menpekotasuna, jendarte-molde prekarioa eta balore eta bizi-eredu kontsumista eta harraparien parez-pare, Euskal Herriaren burujabetza, langile eta herri sektoreen lan eta bizi-baldintza duinak eta balore eta bizi-eredu askatzaileak borrokatzeari.
Hala bada, dei egiten diegu langile eta herri sektoreei maiatzaren 1ean Euskal Herri libre eta sozialistaren alde kalera atera daitezen. Baita egunero-egunero zor zaizkigun herri-eskubideen zein eskubide sozialen alde borroka egin dezaten ere.