Joseba Leizeaga Irudigilea
Orain etika, eta gero zer?
Orain bai, orain mozio «etikoak», kondena ezazu edo kondenatuta zaude, orain, euskaldunek (ETAkoek) hil edo indarkeria erabiltzen dutenean. Baina, espainolek eta frantsesek euskaldunak hil dituztenean, eta gatazka luze honetan (badira 800 urte) euskal erakundeak hildakoak baino milaka gehiago izan dira hil dizkigutenak, gure hildakoengatik ez da inoiz horrelako neurririk hartu. Zergatik, etika XXI. mendeko asmakizuna delako edo gureak hil zituztenean etikarik ez zegoelako? Edo gure hildakoak, hildako irakiarrak bezala, bigarren mailakoak al dira, eta beraienak, yankienak bezala, lehen mailakoak? Etikoak al dira, Gerrilleros de Cristo Rey haien gisara herritarrak beldurtzen eta jipoitzen ari diren Eusko Jaurlaritzaren, Nafar Gobernuaren edo España-Franceko gobernuen polizien jokabideak? Estatuaren biolentziaren monopolioa etikoa eta biolentzia honi erantzuten dion indarkeria, berriz, etikaren aurkakoa al da?
«Etika» honek etiketa dirudi, manikeo maltzurrek on eta gaiztoen artean bereizteko ezartzen diguten etiketa estigmatzailea. Beraiena «etikoa» dela eta «biolentoek» etikarik ez dugula esatea ez da etikoa, manikeismo hutsa baizik. Mozio hauek ez dira etikoak, politikoak dira eta helburu politikoa dute. Politikoak eta, gainera, itxurazkoak, estetikoak direla esaten ausartuko naiz.
Eta mozio «etiko» hauen ondoren, zer? Mozio erlijiosoak? Mozio hermetikoak? Noizko mozio poetikoak? Edo dietetikoak? Eta hipotetikoak? Epikoak? Estatikoak? Zergatik ez patetikoak? Bai, azken hauek bai, abian dagoen kanpaina honetako mozio «etikoak» bezalakoak dira, patetikoak.
Saia gaitezen arreta arazoaren konponbidean jartzen, arren, arazoak konpondu ezean, bere horretan jarraitu edo okerrera egiten baitute. Zaratak nahasmena baino ez du sortzen, argitasuna ilundu, konponbiderik nahi ez duten horiek zarata egiteko zirku hau muntatu dute, baina ipotxak hazi egin zaizkie. Aurrera Euskal Herria!