Bi atxilotu Iruñeko Gaztelu Plazan, gaztetxearen aldeko ekimen batean
Jasone MITXELTORENA |
Iruñerriko gaztetxearen aldeko ekimena jasaten ari den kriminalizazioari desobedientzia ekintza batez erantzun zioten atzo Iruñeko erdi-erdian. Ehunka lagun auzipetu dituzte Euskal Jai gaztetxea bota zutenetik, eta egun, horien kontrako epaiketak egiten ari dira. Ideiak eta bizitzeko modu alternatiboak eta gaztetxearen aldarrikapena bera kriminalizatu dituztela salatuz, bi gaztek, Iruñeko Gaztelu plazako kiosko gainera igo, eta epaiketekiko gaitzespena eta desobedientzia erakutsi zuten. Udaltzaingoak atxilo eraman zituen.
Atzo gizarteari jakinarazi ziotenez, iazko maiatzean gaztetxeen alde eta Xabier Errearen kartzelatzea salatzeko egindako ekimenengatik 67 lagun auzitara eraman dituzte, eta bi eta lau urte bitarteko kartzela zigorrak eskatu dituzte beraientzat. Ekintza haietatik, Nabarreriako Marques de Rozalejo jauregia okupatzean izandakoa da larriena: eraikina husteko foru poliziek eta udaltzainek bortizkeria erabili izan arren, bertan egoteagatik 46 lagun auzipetu dituztela salatu zuten atzo. Gertaeren une berean, handik hurbil dagoen katedralaren inguruan beste sei foru poliziak gazte bat jipoitu zutela gogorarazi zuten atzo.
Aipatzekoa da duela gutxi epaileak absolbitu egin dituela polizia horiek, eta gazteari berriz, isuna eta kalteordainak ordaintzeko zigorra ezarri diola. Joan den astean, Gasteizko hainbat gaztek ere epaitegian aurkeztu behar izan zuten. Iazko maiatzean, «protesta baketsu baten bidez», Iruñerriko gazteekiko elkartasuna adierazteagatik urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen dute haientzat. Ekainaren 5ean beste epaiketa bat izango da, bi laguni «desordena publikoa» egotzi baitiete kartelak jartzeagatik.
Plazan biltzeagatik isuna
Ekintzari dagokionez, kioskoaren inguruan bildutakoak, eta urrutiagotik elkartasuna adierazten zuten guztiak identifikatu zituzten, eta «segurtasun publikoarentzat arriskua» leporatuko zietela-eta, mehatxatu egin zituzten. Gaztelu plazan baimenik gabe biltzea izan zen horretarako eman zuten arrazoia. Une hartan jende ugari zebilen plazan, eta polizia espainolaren nahiz udaltzainen jarrera lasaiagoa izan zen; beraien lana kioskoan jarrita zeuden informazio eta aldarrikapen kartelak kentzea izan zen, bildutakoek adierazpen askatasunaren kontrako ariketa hori salatzen zuten bitartean.
Behin guztiak identifikatuta, joan egin ziren bi polizia taldeak. Kioskora igotakoek berriz ere kartel bat zabaltzean itzuli ziren udaltzainak. Gatazka sozialak ez direla poliziaren eta epaitegien bidez konpontzen argitu zuten ekimenekoek, «herritarren parte hartzea errespetatuz baizik».