GARA > Idatzia > Mundua

Ekuadorreko Asanbladak FARCen erasoan AEBek esku hartu duten ikertzeko eskatu du

GARA |

AEBek Ekuadorren duten basea iker dezala eskatu berri dio Asanblada Eratzaileak Gobernuari. Izan ere, Kolonbiako Armadak FARCen aurka burutu zuen aire erasoan Washingtonek esku hartu zuela susmatzen du. Ekuadorreko Aire Indarrak Mantako arrantza portuan duen basearen baitan AEBek COA deritzon gunea kudeatzen dute. Bere balizko partaidetza argitzeko base horri kontu-ikuskapena egitea eskatu du Asanbladak.

«Estatu ekuatoriarrarekin hitzartutako akordioa errespetatu ote duen eta, aipaturiko erasoaren aurretik egin dituen beste ekintzak oinarri legala duten ikertu behar da», plazaratu du.

1999an elkarlanerako sinatu zuten akordioaren arabera, AEBetako militarrek Mantako basea erabil dezakete. Hurrengo urtera arte izango da hala, Rafael Correa presidentearen Gobernuak ez baitu aipaturiko akordioa berritzeko asmorik.

COAtik aire hartu zuen hegazkin estatubatuarrak FARCen baseari eginiko bonbardaketan lagundu zuela uste du Quitok. Hogei bat lagun hil ziren, tartean, gerrillaren nazioarteko bozeramailea, Raúl Réyes.

Bestalde, Correa presidenteak proposatu bezala zer gertatu zen jakiteko eta CIAk nolabaiteko zerikusia eduki ote zuen ikertzeko batzorde zibila eta militarra osatzearen alde egin du Asanbladak. Presidenteak salatu duenez, Ekuadorreko zerbitzu sekretuetan «erabat sartuta» dago. Adierazpen horrek sekulako krisia eragin zuen Indar Armatuen baitan. Defentsa ministroa, Poliziaren burua eta Armadako hiru buruzagi kargutik bota zituen Correak. Atzo, Defentsa arduradun Javier Poncek, ikerketa batzordea eratzeko prestutasuna azaldu zuen.

«Hoy» egunkariari eginiko adierazpenetan, gerrillaren aurkako ekintzari buruzko informazioaren kudeaketan «huts larriak» egon zirela aitortu zuen. «Txosten asko berandu jaso genituen; Kolonbia adierazpen bat egitear zegoenean edo jada, egin ostean. Batzuk ez ziren ezta iritsi ere egin», helarazi zuen.

Testuinguru horretan, Estatu frantseseko Atzerri ministro Bernard Kouchner Ekuadorrera iritsi zen asteartean Bogotan izan ondoren. Bidariaren helburua Ingrid Betancourt entregatu dezaten ahalbidetzea da. Orain arteko saiakerek porrot egin dute, batez ere, Álvaro Uriberen Gobernuak Réyes hil zuenetik.

Irtenbide militarraren kontra

Venezuelako presidente Hugo Chávezek bitartekari lanei berriz ekingo balie «guztiak» poztuko liratekeela adierazi zuen. Uribek Chávezen eta Piedad Córdoba senatariaren bitartekaritza bertan behera utzi zuen. «Uriberi ez diogu ezkutatu Chávezek eginkizun garrantzitsua bete zuela», aditzera eman zuen Kouchnerrek. Bere ustez, irtenbidea ezin da inola militarra izan. Estatu frantsesak Uriberi hala jakinarazi diola gaineratu zuen. «Bahituen askapena ezin daiteke bide militarretik etorri, hori oso arriskutsua izango litzateke-eta», esan zuen.

Horrez gain, Réyesen heriotzarekin gerrillarekin «harremana galdu» zutela eta orain «beste bozeramaile» batzuen bila ari direla aitortu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo