GARA > Idatzia > Ikusmira

Henrike Knörr: kultura gizon baten galera

Henrike Knörr, Tarragonan sortutako gasteiztar kultura-gizon eta euskaltzain osoa, atzo zendu zen 61 urte zituela. Ez dira urte gehiegi eta, hala ere, urte asko dira Henrike Knörrek euskal kultura eta euskara sustatu eta ikertzen eman dituenak. Gazterik, 30 urterekin, hain zuzen, izendatu zuten euskaltzain oso, eta 1978az geroztik Euskal Herriko Unibertsitateko Filologia, Geografia eta Historiako Fakultateko irakasle izan zen. Bi erakundeotan ardura handiko karguak bete zituen. Knörr kultura gizona zen, eta bere ekarpen nagusia bere herriko kultura sakon ezagutzea eta bere jakintza gertuenetik abiatuta zabaltzea izan zen. Izan ere, Arabako onomastika eta euskararen gaineko lanak, hala nola, Koldo Zuazorekin batean argitaratutako «Arabako euskararen lekukoak», euskal filologiari egindako ekarpen garrantzitsuak dira. Gai horiek ziren nagusi hainbat egunkaritan, besteak beste, GARAn, argitaratu zituen artikulu ugarietan, bestelakorik baztertu gabe, ordea.

Henrike Knörren bizitza ez da, tamalez, luzeegia izan, baina bai emankorra eta gogobetegarria, halaxe baita jakintza handiaren jabe izan eta jakintza hori ingurukoei transmititzea, berak egin zuen moduan. Henrike Knörr hil da eta, lehenik, bere senide eta hurkoentzat galera handia izan da, jakina; baina galera handia, halaber, euskal kulturarentzat, kulturarentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo