GARA > Idatzia > Ikusmira

Neska gazte baten bortxaketa dela-eta

Oraindik ere Santutxun gazte bati egindako bortxaketa gogoan dugula, beste eraso bat gertatu da eta, honakoan, Tuteran. Herriko hiru mutilen aurkako salaketa jarri du 14 urteko neska gazte baten familiak. Ustezko erasotzaile horietako bat adingabe denez, zentro berezi batera eraman dute; beste bat kartzelara, eta hirugarrenari epaileak urruntzeko agindua ezarri dio.

Adingabeak tartean izateak larritasun berezi bat gehitzen dio gertaerari. Horregatik, arlo judizialean jorratu beharreko lana tentu handiz eta berme guztiak errespetatuz burutzea ezinbestekoa da. Edonola ere, lehentasun nagusia biktima babestea da. Hori eta biktima gehiago ez eragitea. Halako erasoek berebiziko emozioa sortzen dute, are gehiago herri batean gertatuz gero; baina gertakari bortitz honen aurrean, elkartasuna, eta ez mendeku gosea, izanen da jokabiderik zuzen eta eraginkorrena. Bistan da, emakumeen aurkako indarkeria agerian uzteko aurrepausoak eman dira azken urteotan. Nolanahi ere, legeak eta berdintasun planak -askotan baliabide eta helburu zehatzik gabekoak- ez dira nahikoa, bortxakeria horren oinarri diren eredu patriarkala eta balore matxistak benetan deuseztatu ezean, nekez lortuko baita emakumeak beren gorputzaren jabe izatea eta eskubide berdintasunean oinarrituriko gizarte berria eratzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo