Henrike Knörr: asmoaren indarra
Andres URRUTIA euskaltzainburua
Adiskidea joan zaigu, aspaldiko adiskidea, hain zuzen ere. Hala jakin dut atzo arratsaldean telefono hots baten bitartez. «Henrikek utzi gaitu», horiek izan ziren hitzak, latz eta gogor. Hitzok, alabaina, ez dira aski sentimenduak eta gogoak borborka etortzen zaizkizunean, arrapaladan, bata bestearen gainetik. Hartara, begien aurrean dituzu bat-batean elkarrekin igarotako bilera eta ordu luzeak, erlojuari muzin eginda eta Euskaltzaindiaren zereginetan murgilduta. Izan ere, halakoxea zen: eskuzabala, goimailako ikertzailea, euskararen katea urte hitsetan Araban bermatu zuena eta, zer esanik ez, Euskal Herri osoan ere bai.
Lekukoa hartu eta, aurrerantzean ere, Henrike, zure lanari segida emango diogu, besteak beste, aurki kalean izango baita zeuk atondu eta ikusi ez duzun onomastika liburua. Hortaz, adiskide, bihotz-bihotzez, adiorik ez, gero arte baino.