Txillardegi Idazlea
Mozio etikoen atzean
Eskandalurik handiena ez da, hala ere, Madrileko nazionalista españolek arazo hau ikusi nahi ez izatea. PNVa Estatuaren morroi leial bihurtua ikustea da eskandalurik okerrena
Erasoaldi betean, mozio etikoen loraldia dugu begien aurrean. Zapaterok zakarki aldarrikatu du: «La consulta de que habla Ibarretxe no se llevará a efecto. Dentro de la Constitución todo diálogo es posible. Pero repito una vez más que nos negamos a toda aventura fuera de ella, y que debe olvidar dicha consulta». Ibarretxek saminki deitoratu du «jadanik 200 egun galdu izana».
Luzatutako eskua zapuzturik, erretiratzeko unea etorri zaio. Eta Ibarretxerenak egin duela aurki agertuko da ondoko asteotan, soegile askoren ustez.
«Fuera de la Constitución nada de nada» errepikatu du Zapaterok. Beraz:
Art. 1.2.- «La soberanía nacional reside en el pueblo español, del que emanan los poderes del Estado».
Art. 2.- «La Constitución se fundamenta en la indisoluble unidad de la Nación española, patria común e indivisible de todos los españoles».
Art. 3.- «El castellano es la lengua española oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocerlo y el derecho a usarlo».
«Irakurketa zabalarena» ipuina da. Urte hauetan behin eta berriz ikusi denez, horiek dira Konstituzioaren oinarriak, eta ez besterik .
Jarrai dezagun Konstituzioaren irakurketa:
Art. 8.1.- «Las Fuerzas Armadas, constituidas por el Ejército de Tierra, la Armada y el Ejército del Aire, tienen como misión garantizar la soberanía e independencia de España, defender su integridad territorial y el ordenamiento constitucional». Horra hor, ezin garbikiago, Autodeterminazioaren aurkako baradera irmoa.
Eta hori horrela delako, Konstituzioaren barruan Euskal Herriak ez dauka legetasunaren autodeterminatzeko zirrikiturik bat ere. Aitor dezagun ozenki.
Eta hemen datza askotan gertatu izan den talka, Guy Héraudek, Obietak eta bestek azaldu duten bezala. Hona hemen, adibidez, Edmond Jouve jurista ospetsuaren hitzak: «L'Histoire enseigne que, malheureusement, la lutte armée est, le plus souvent, le seul moyen pour mettre fin à des situations de type colonial».
Ibarretxek luzatutako eskuari purrustada harroa besterik ez badarraikio, probokazioaren aurrean gaude. Eta alferrik da zapaldutako herriaren atzaparkada etsia gaitzestea. Talkaren sustraietara jo gabe, nekez da ezer konponduko.
Etika zapalduarekiko onginahitik hasten da. Eta negoziaziotik.
Begira dezagun orain laburki nazioarteko Zuzenbidea. 1966ko abenduaren 16an PIDH izeneko bi itun internazionalak aldarrikatu ziren. Espainiako Konstituzioa baino lehenago .
Bi itun horien lehendabiziko pasartean (biotan berbera) hau aldarrikatzen da: «Herri guziek dute autodeterminatzeko eskubidea. Beronetaz baliaturik, inolako morrontzarik gabe hautatzen dute beren legetasun politikoa; eta askatasun osoan zedarritzen beren garapena, ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren alorretan».
Hau dela-ta, espainiar Estatuak, Zuzenbidearen eta etikaren aldetik, autodeterminazioaren aldeko mugimenduak oztopatu beharrean, bideratu egin behar lituzke.
Hemen, beraz, «abentura» bakarra, Zapatero jauna, Konstituzioari kosta ahala kostarik, bere horretantxe, eutsi nahi izatea da.
Aldiz, mozio etiko bakarra euskaldunen autodeterminazio eskubidea aitortu eta iberiar antolamendu berri batean nola txerta daitekeen aztertzea litzateke.
Ezker abertzalearen zuzendaritza, Arnaldo Otegigandik hasita, presondegiratzea, bulegoak hestea, 18/98 lotsagarriaren ondoren presoen aldeko mugimendua ere presondegira bidaltzea, HBren ekitaldiak debekatzea, «Egunkaria» euskal egunerokoa epaitzea, eta abar luze bat, ez dira autodeterminazio arazoa bideratzea.
Baina eskandalurik handiena ez da, hala ere, Madrileko nazionalista españolek arazo hau ikusi nahi ez izatea. PNV Estatuaren morroi leial bihurtua ikustea da eskandalurik okerrena. Eta Ertzaintza «grisen» jarraitzaile bihurturik topatzea. Eta jelkideak alkate abertzaleen atxiloketa txalotzen aurkitzea. Are «latza izan da» azkeneko hitz lazgarri haiek bota zituen zizurkildar haren oroitzapena bere herrian bertan ezabatu nahi izatea.
Zinez: aski da!