Segi gazte erakundeak sortu duen «tresna politiko berria» da «www.segi.tk» webgunea
Euskal gazteriaren aurkako erasoen helburuetako bat beraien «ahotsa» isilaraztea dela uste du Segi gazte erakundeak. Orain, aldiz, tresna berri bat abiarazi du independentziaren alde lanean jarraitzeko: webgunea. Bertan, bideoak, argazkiak eta orotariko informazioa aurki daiteke.
GARA |
Ostegunaz geroztik erabiltzeko moduan da Segi gazte erakundeak euskal gazteriari eskaini nahi dion «tresna politiko berria»: webgunea. Gazte erakundeak maiatzaren 1ean abiarazi zuen, bere aburuz, «independentziaren alde borrokatzeko tresna» den webgunea.
Interneten www.segi.tk helbidea idatziz gero, gazte erakunde independentistaren webgunea agertuko da. Bertan eskura dago, besteak beste, Segirekin harremanetan jartzeko bidea, «Kaiolatik at!» saileko bideoak ikusteko edo jaisteko aukera, argazkiak, orotariko informazioak, banner eta hainbat lotura, mobilizazioen eta ekimenen albisteak, deialdietarako txokoa...
Oraingoz euskara hutsean dagoen webgunean, Segi gazte erakundea zer den azaltzen duen atal bat eratu dute. Era berean, orain arte egin diren «Kaiolatik at!» saileko bideo guztiak ikusteko parada dago, eta informazio jaso, edota bidaltzeko aukera ere bai, besteak beste. Segik egunerokotasunean egiten duen lanaren eta ekimenen berri ere emango du webguneak. Gazte erakundeak bidalitako oharrean azaltzen den bezala, independentziaren aldeko borrokan euskal gazteriarentzat beste tresna bat eskaini nahi izan du horrela Segik, eta, oro har, komunikabideentzat ere bai, berain berri ematen jarraitzeko.
«Gure ahotsa isildu nahi dute»
Izan ere, Segiren esanetan, «etsaiak, euskal gazteriaren ahotsa isildu eta independentziaren eta sozialismoaren aldeko borroka suntsitu nahi du».
«Terroristak izendatu gaituzte, eta asteak joan eta asteak etorri euskal gazteriaren aurkako polizia operazio bortitzak jasan ditugu», azaldu dute. «Eraso guztiek oinarrian helburu bera dute, gazteon antolatzeko eta borrokatzeko grinari amaiera ematea; independentziaren aldeko borroka suntsitzea».
Hala ere, argi asko adierazi du Segik, «erasoak eraso», Estatu espainolak eta frantsesak ezin izan diotela eta ezin izango diotela independentziaren aldeko Euskal Herriaren borrokari amaiera eman; «estatuek daramaten bide errepresiboa antzua da, eta dagoeneko herri honek aski ondo erakutsi du hori».
Belaunaldi berriak
Egungo testuinguru politikoan, gainera, Euskal Herriak aldaketa politikoa aldarrikatzen duen egoera honetan, independentziaren proiektuak konstituzio espainolaren eta frantsesaren proiektuekin talka are modu nabarmenagoan, eta premia biziagoz, egiten duela defendatu du gazte erakundeak.
Euskal gazteek ere, Segiren aburuz, aldaketa horren beharra dute eta «erasoak eraso, orain arte egon den bezala, une politiko honetan ere borrokara lotuko den belaunaldia» dagoela ohartarazi nahi izan diete Estatu espainol eta frantsesari; «gure eskubideen jabe izan nahi dugu», gaineratu du.
Hein horretan, webgunea «tresna» izateko helburuaz jaio dela esan dute, «independentziaren bidean gaurtik aurrera borrokarako tresna berria» dela gaineratuz. Horren erakusletzat jo dute, esaterako, maiatzaren 1ean «prekarietatea salatzeko» egin zituzten ekimenak. Horiek ere webgunean ikusgai daude.
Segiren webgunera sartzeko ondoko helbide elektronikoa klikatzea besterik ez da behar: «www.segi.tk». Bertan, argazkiak, bideoak, albisteak, loturak edo harremanetarako bideak aurki daitezke.