GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Ama izan nahi dut, ni izateari uko egin gabe», amatasunari buruzko doktore tesia

Elixabete Imaz EHUko antropologoak lehenbiziko umea izan duten emakumeak elkarrizketatu ditu 2001etik hona. Lehen emakume ziren eta orain ama. Aldaketa garrantzitsua gertatu da beren bizian. «Beste kategoria sozial batera» igaro dira.

p022_f01_250x144.jpg

Maider IANTZI

Hego Euskal Herrian egin du unibertsitateko irakasleak amatasunari buruzko doktore tesia. Probintzia interesgarriak direla adierazi du: Mediterraneo aldeko herrialdeetako ezaugarri berak dituzte, baina muturrera eramanak. 80ko hamarkadatik jaiotza tasa hagitz baxua dute; emakumeak berandu izaten dira ama; ugaltzeko adinean dauden emakumezkoek zailtasunak izaten dituzte lan munduan sartzeko; gazteak berandu uzten dute familiaren etxea... XX. mende bukaeran eta XXI. mende hasieran Mediterraneo inguruko herrietan errepikatzen diren ezaugarriak dira horiek. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, ordea, datuak muturrekoak dira jaiotza tasari, lehenengo umea izateko adinari eta emakumeko seme-alaba kopuruari dagokienez. «Jendeak arazo soziala dela sentitzen du eta kezkatu egiten da. Testuinguru horretan emaku- meek ama izatea nola bizi duten jakin nahi nuen», azaldu du.

Bikote ezkonduekin eta ezkongabeekin mintzatu da Elixabete Imaz, baita lesbianekin ere, herri txikietan bizi direnekin, hirikoekin... Ahalik eta adin eta egoera gehien aztertzen ahalegindu da. Saiatu bada ere, ez du bikoterik gabe ama izatea erabaki duen emakumerik aurkitu. «Jendeak sentitzen du oso lan zorrotza dela umea zaintzea eta bakarrik egin daitekeela pentsatzea ez dela erreala. Bikotea egitura bezala beharrezkoa dela iruditzen zaio. Euskarri afektibo gisa garrantzia ematen dio bikoteari. Guraso izatea bikotearen eboluzioaren ondorio dela uste du askok», adierazi du.

17 pertsonari egin die elkarrizketa, bakoitzari gutxienez hiru aldiz: haurdunaldian zehar, umea izandakoan, handik hilabetera... Bilakaera ikustea interesatzen zitzaion: hasierako sentipenak zein diren, nola sortzen diren pixkanaka arazo eta sentipen berriak, arazoak nola konpontzen diren...

Ikertzailearekin solastatu diren emakumeek argi ikusten dute amatasunaren ideia aldatzen ari dela eta, gainera, beraiek protagonista direla. Eredu zaharrekin talka egin dute eta gatazkaren ondorio da amatasuna aldatzea. Beren amekin alderatuta, oso desberdin sentitzen dira. Denek dute argi zer den ama ona izatea: etxean egotea, bazkaria prestatzea, beti umearekin egotea, eskolara eramatea, ekartzea... Pentsatzen dute hori dela onena, baina ez dute beren burua hor ikusten. Emakumeak aldatu dira eta ez daude prest horretarako, ez dute hori nahi beren bizitzarako. Erruduntasun sentimendua sortzen zaie: ez naiz iristen, ez dut ongi egingo, ez naiz ama ona... Antropologoaren ustez, honakoa da aldaketaren motorra: lehengo amak hagitz onak direla pentsatzen dute, baina ez dute horrelakoak izan nahi. Gainera, badaude sektore batzuk lehengo amatasuna planteatzen dutenak. Gizarteak umeak behar ditu eta pertsona bakarrarengan uzten du ardura hori.

Imazek dioenez, honakoa da orokorrean egiten den gogoeta: orain hezteko beste modu batzuk daude beste erremediorik ez dagoelako, emakumeak aldatu direlako eta lan munduan sartu direlako. Hala, haurtzaindegiak emakumeen zerbitzura daude. Haurtzaindegiak behar dira emakumeek etxetik kanpo lan egiten dutelako eta ezin dituztelako haurrak zaindu; ez gizarteak ardura hartu behar duelako umeen heziketan.

Gizonaren paper aldaketa puntu garrantzitsu bat izango dela pentsatzen du EHUko ikertzaileak. Are gehiago, gizon kontzeptuaren aldaketa neurri handi batean aitatasuna aldatzen ari delako etorriko dela uste du. Gizonak aldatuko dira aitatasuna aldatzen ari delako. Imazen iritziz, gizonak galduta daude orain, ez dakite zer espero den beraiengandik. «Zein paper dute familian? Zer espero da haiengandik aita eta bikote gisa? Lehen baino gehiago parte hartzen dute familian. Adibidez, erditzeko unean aita hor egoten da, ohitura bezala hartzen da hor egotea haurra jaiotzen den unetik. Zainketan ere gehiago inplikatzen da, gauzak egiten ditu. Antolaketak, ordea, amaren esku segitzen du».

Erabakia ez da zehatza izaten

Tesiaren egilearen aburuz, gizonak gizonekin ezkontzeak beste irudi bat ematen du, umeak hazteko eredu berriak ematen ditu, eta aniztasun horrek erakusten du era batean baino gehiagotan egin daitezkeela gauzak ongi. «Galtzen ari den amatasun hori idealizatzen segitzen dugu, baina antzinako amatasunean ez dago berdintasunik». Imazen ustez, familian desoreka handia egon izan da, baina kontu pribatua, ukiezina, norberarena dela pentsatzen da eta lan gutxi egin da arlo horretan berdintasun planetan. Haurtzaindegia emakumeei ematen zaien laguntza da, ez da planteatzen gizonek lana eta familia bateratzea. «Zergatik ez ditugu lana eta familia bateratzen gizonek eta emakumeek?», galdetu du.

Ikerketa prozesuan jakin du ama izateko erabakia ez dela zehatza izaten. Kontua da emakumeek une batean antisorgailuak erabiltzeari uzten diotela. Hala, elkarrizketatu dituen 17 lagunetatik 15ek sentsazioa dute lehenengoan geratu direla haurdun.

«Zer esan nahi du ama bihurtzeak? Oso abstraktoa da. Noiz izan nahi duzu ama? Haurdunaldiaren etapa bat pasatu denean». Imazek dioenez, hasieran sentipenak oso anbiguoak dira, sentimenduak nahasten dira. «Alde batetik ondo sentitzen zara, baina bestetik zure buruari galdetzen diozu: orain hau? Prest zaude gauza batzuei uko egiteko? Ez diezu uko egin nahi gustuko alderdiei. Gaizki ikusia dago, adibidez, esatea ez duzula hemendik sei hilabetera haur bat izan nahi; alde batetik kontent zaudela agertzea, baina bestetik ez duzula nahi», azaldu du. «Zentsura dago. Ikuspegi moraletik begiratzen dira amatasunarekin erlazionatutako kontuak eta emakumeak epaituak sentitzen dira. Titia ematea ezinbestekoa dela ematen du. Batzuek ez dute horrela egin nahi, zama handia dela pentsatzen dute, eta ezkutatu beharra dute, ez dira esatera ausartzen».

Amagaiak itota sentitzen dela adierazten badu, kontent egon behar duela erantzuten diote. «Gauza onak esan ditzakezu, ez txarrak. Horregatik, gai hauetaz mintzatzen bazara badirudi amatasunaren kontra zaudela eta ez da hori kontua. Alderdi batzuk gordetzen dira; ez da dena zoragarria edo oso txarra», agertu du.

«Bizitzako gauza garrantzitsua edo garrantzitsuena izango da semea edo alaba, baina ez bakarra», esaten dute amagaiek. «Nik ez diot uko egin nahi ni izateari, ama izatea neure burua aberasteko bide bat izatea desio dut». Elkarrizketa batzuetan Elixabete Imazek egiaztatu duenez, emakumeek beren buruarekin borrokatzeko asmoa dute, beren burua umea beste pertsona batekin uztera derrigortzeko. «Eskaini zaien eredua ez zaie gustatzen eta beste era bateko ama izan nahi dute. Mila bide daude horretarako: lanean jarraitzea, lagunekin ateratzea...».

Ikertzailearekin hitz egin duten emakume batzuk umea jaio eta lau hilabetera ez ziren minutu bat ere egonak bera gabe; lehen aldiz elkarrizketa egiteko bereizi ziren. Gainera, gehienak haurrarekin joan ziren hitzordura. «Aitzakia bakarra lanera joatea da: lanak behartzen ditu umea uztera. Hori hausten saiatzean errudun sentitzen dira».

Zeren beldur dira amagaiak? Norbera izateari uztearen beldur da zenbait, erronkari aurre egiteko gai izango ote diren pentsatzen dute beste batzuek, eta gehienak gai izan badira beraiek nola ez diren izango diotenak ere badira. «Ezjakintasun sentsazioa dute: ama izaten ikasi egiten da, baina norengandik ikasi? Badirudi beste belaunaldietako jakintzak indarra galdu duela, lehen gauzak beste modu batekoak zirela».

Orain arte ardurarik gabe, libre egon direla sentitzen dute batzuek eta kezka dute ez ote diren bizitza hagitz eroso batera ohitu, zenbait gauzari uko egiteko gai izango ote diren. Beldur fisikoak ere badira: «Barruan beste gorputz bat eratzen joatea ez da gauza txikia». Nola bizi dute aldaketa hori? Zer esan nahi du beste pertsona bat izango dena barruan eratzen joateak? Bestalde, kalean denek dakite haurdun daudela. Nola erreakzionatzen dute? Nola tratatzen dituzte? Elkarrizketetan asko aipatu dituzte emakumeek kalean aditutakoak. Esertzen uzten diete autobusean, zergatik ari diren garagardoa hartzen galdetzen diete, gaizki begiratzen diete erretzen badute, begiratu egiten diete haurdun daudelako.

Batzuetan, amagaiek itsusi ikusten dute beren burua; bestetan, indartsu sentitzen dira, gorputzaren gaitasunaz harritzen dira. Gorputza aldatzen zaie eta ez dute ongi ulertzen nola funtzionatzen duen. Esertzen, lo egiten, altxatzen ikasi behar dute.

Tabernan sartu eta «kontuz lodiekin» entzuten dute. Elkarrizketatu batek kontatu zuen ez zitzaiola gustatzen nola begiratzen zuten gizonek, beldurra ematen ziela sentitzen zuen, munstro batek bezala.

aldaketa

Familiaren eta emakumeen egoera aldatzen ari dela baieztatu du EHUko antropologoak. Bere ustez, bidea luzea izango da, eta ez gaude bukaeran. Prozesu atzeraezina dela dirudi, baina bada familia tradizionalera itzuli nahi duenik ere.

Nola izan Emakume eta ama aldi berean, amak berdin segitzen badu eta Emakumeak ez?

Eredu desberdinak aztertzen saiatu da Elixabete Imaz. Bere erranean, aitak eta amak osatutako familia haustean eginkizunak berrantolatu behar dira, eta ama izatea nahitaez aldatzen da orduan. Ama lesbianekin mintzatzean zainketari aurre egiteko modu desberdinak daudela ikusi du. Ohartu da, pertsona atzerakoiak sentsibilizatu direla, ikusmoldeak aldatu dituztela errealitate hori gertu ikustean.

«Ama izateko eskubidea aldarrikatzea 'ama' eta 'lesbiana' nortasun bateraezinak direla dioten genero konbentzioak arbuiatzea da, lehenengoa naturala, berezkoa, altruista; bigarrena, antinaturala eta egozentrikoa», dio Ellen Lewinek. Imazen hitzetan, emakume liberatua izatea zeure buruari begiratzea da. «Nola izan zaitezke emakume eta ama aldi berean, amak berdin jarraitzen badu eta emakumeak ez? -galdetu du-. Pertsona gisa garatzen gara, hezkuntza jasotzen dugu, gorputza maitatzen dugu... eta aldi berean ama gara». M. I.

ZAINKETA

Nola hartuko du gizarteak bere gain umeen hezkuntza, horretan bakarrik aritzen diren pertsona batzuk ez badaude? Elixabete Imazek dioenez, irtenbidea ez da zerbitzuak jartzea, zainketa kontzeptua bera aldatzea baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo