GARA > Idatzia > Kultura

Bilboko auzo eta barrutiek 600 kultur ekitaldi jasoko dituzte datozen hiletan

GARA | BILBO

Bilboko Udalak atzo aurkeztu zuen datozen hiletan hiriko auzo zein barrutietan antolatu dituzten kultur ekitaldien egitaraua. Berez, urte hasieran jarri zuten programa hori abian, baina Udaleko arduradunek esan zutenez, maiatzetik aurrera ugaritu egingo da saio kopurua , eguraldi onari esker posible izango baita horietako asko kalean egitea.

Horiek hala, 600 kultur jarduera iragarri dituzte, eta orotara, 70.000 bat ikusle bildu nahi dituzte horietara. Askotariko saioak izango dira: antzerkia, musika, zinea eta ikus-entzunezkoak, kale antzerkia, arte plastikoak...

Justo Ezenarrok, Bilboko Udaleko Kultura Saileko arduradunak, San Frantzisko auzoan egitekoa den Flamenko Topaketa, Txurdinaga-Otxarkoagan izango den Magia Topaketa eta Begoñako udal aretoan egingo duten Bidaiariaren Txokoa aipatu zituen, besteak beste. Era berean, Ezenarrok udalak bultzatutako programa kulturalak ekarri zituen gogora. Izan ere, aurten 69 programa jarri dituzte abian Bilboko auzoetan, eta Ezenarroren hitzetan, horietatik zortzi erabat berritzaileak izango dira.

Musika klasikoa

Justo Ezenarro Udaleko Kultura arduradunak Abandoko «Musika dibertigarria da» egitasmoa ekarri zuen gogora, musika klasikoa zabaltzea helburu duen egitasmoa da hori.

«Mikroespektakuluak» izeneko programak berriz, poesia, txotxongilo ikuskizun eta musika kontzertu txikiak uztartuko ditu, eta Zurbaranbarrin egitekoa da. Deustun ere beste bi programa agertuko dituzte: «Munduko Musikak» izenekoa bata, eta «Munduko herrialdeen Jardunaldiak» bestea.

Ikastaroak ere izango dira Bilboko auzoetan, hots, hainbat esparru lantzeko aukera: hala nola, disko jartzaile izateko ikastaroa, argazkilaritzari buruzkoa, bideoklipak egitekoa, zinearen gainekoa, eta irratiari lotutakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo