GARA > Idatzia > Gutunak

Naroa Geresta Zizurkilgo herriak aukeratutako zinegotzia

Joxek eta Ttottok badute beren lekua

Gogoan geratuko zaidan egun mingarria: 2008ko apirilaren 30a, asteazkena.

Samina, ezintasuna, haserrea, ulertezintasuna, Ttotto eta Joxe Arregiren monolitoen aurrean paratu eta nola kentzen dituzten so, hitzez adierazi ezin litezkeen sentimenduak dira. Herri honegatik beren bizia lapurtua, torturatua, jipoitua, errepresioaren adierazle izan ditugun herriko seme hauen oroitarria ere kendu digute-eta.

PNV-EA, ez zarete ausartzen tortura hitza erabiltzen, ezta torturaren atzean daudenak salatzen ere, eta zuei dagokizuen ardura hartzeko adorerik ez duzue. Hipokresia hutsez gainera, Tottoren monolitoa kentzeko unean, irabazitako domina legez, Zizurkilgo alkate ez-legitimoa den Mª Angeles Lazkano bertan egon da, EAko zinegotzi Ana Olaziregirekin batera, monolitoa lurretik atera eta aireratu duten unean argazkia atereaz. Udaletxeko horman jarri behar al duzue argazkia, eginiko balentria legez?

Zuek, Mª Angeles, al zarete Zizurkilen herriaren gehiengorik gabe Udaletxea hartu eta «bakean» gobernatu nahi duzuenak? Hau al da Zizurkilen daukagun demokrazia? Zuen jarduera politikoa iruzurraren bidetik jorratu nahia garbi utzi diozue Zizurkilgo herriari. Nor zarete zuek Udaleko ordezkariak, Zizurkil goiko herritar orori egin diozuen diskriminazio soziala egiteko («El Correo» egunkarian eginiko deklarazioak)? Herri baten buruzagitza gidaritza eramateak ez du esan nahi nahi duzuen guztia eta nahi bezala egiteko eskubidea duzuenik!

Mª Angeles Zizurkilgo alkate ez-legitimoari: benetan hau da legealdirako dituzun lau urteetan jorratuko duzun bide politikoa? Herri baten erabakiaren gainetik, zure interes ekonomiko eta politikoa ezartzea?

Joxe eta Ttotto herriko semeek, zuek nahi ala ez, badute beren lekua. Plakak kenduko dituzue, monolitoak kenduko dizkiguzue, baina herriak ez ditu ahantziko. Herri honek, eta Euskal Herriak, baditu oroitzapenak, bere historia, eta hori ezin diguzue kendu, ez iruzur politikoaren bidez, ez errepresio polizialaren bidez.

Euskal herritarrok gure eskubideak ditugu, eta hauek lortzeko bidea egiteko prest gaude. Herriak ez du barkatuko!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo