GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Rekondok eta Arriak aurrera egiteko azken aukera dute

Leitzarra eta errezildarra Idiazabalen neurtuko dira bihar arratsaldean

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Urrezko Aizkoran saio erabakigarria jokatuko da bihar Idiazabalen, izan ere, final-laurdenetako ligaxka osatzeko falta den azken aizkolariaren izena zein den argituko baita Idiazabalen, bihar, 18.30etik aurrera jokatuko den norgehiagokan.

Rekondo eta Arria V.a neurtuko dira Idiazabalgo kiroldegian. Neurketa bera jokatu zuten pasa den larunbatean Leitzan, baina aizkoran ia behin ere gertatzen ez den berdinketa gertatu zen, hau da, bi aizkolariek denbora berean amaitu zituztela lanak.

Horrek kitarako beste saio bat ekarri die antolatzaileei, eta beste jardunaldi bat gehitu beharra. Horrela, leitzarra eta errezildarra etzi izango dira Idiazabalen, berriz ere norgehiagokan, eta hor bai ez dela berdinketarik izango. Aizkolari bakoitzak bost proba ezberdin izango ditu, eta egindako denboran berriro berdinketa izango balitz, bost probetatik hiru irabazi dituenarentzat izango da etzi garaipena.

Leitzan lau proba izan ziren, baina oraingoan bost izango dira, Leitzakoa berriz ez gertatzeko. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagoz moztu lehiatuko dira. Ondoren, 45 ontzakoa erlojuz kontra zeinek lehenago moztu. Hori amaitutakoan, kana-erdiko enborra zutik erdibitu beharko dute. Ondoren, abiadura proba izango dute kana-erdiko enborrarekin, eta azkenik bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu beharko dituzte. Amaieran, lan guztiak denborarik gutxienean amaitzen dituenak irabaziko du proba, baina hor ere berdinketa izango balitz, hiru proba bereganatu dituenarentzat izango da garaipena. Gero, garaipena erdiesten duenak, Olasagastiren eta Larretxearen multzoan jokatu beharko du final-laurdenetako ligaxkan.

Idiazabalera joaten direnek, ordea, ez dute maila nagusiko saioa bakarrik izango ikusgai, 23 urtetik beherakoen neurketa bat ere izango baita Mugertza III.aren eta Jauregiren artean. Mutrikuarra da faborito, eta Mugertza sendiko gazteenak ez luke behar arazorik irabazteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo