GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Biarritzek aurrera egiteko azkeneko aukera izango du

Zuri-gorriek Perpinyàn jokatuko dute gaur arratsaldean, baina garaipenik lortu ezean, lanak izango dituzte finalerdietarako txartela eskuratzeko

p042_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Biarritzek final bat izango du, gaur, bazkalostean, Perpinyàn. 15.30ean hasiko den neurketan garaipenik eskuratu ezean, ia ezinezkoa izango du finalerdietarako txartela lortzea.

Egia esan, Biarritzek ez du itxaropenerako tarte handiegirik uzten, ez baitu partida on asko egin. Etxetik kanpo ere, edozein talderen aurka galtzeko gai da, horixe erakutsi zuen joan den asteburuan behintzat. Oraingoan, ordea, ahalegin guztiak egin beharko ditu. Perpinyà da laugarren postuan, talde lapurtarrarengandik lau puntura. Beraz, zuri-gorriek galduko balute, bien arteko aldea larregi handituko litzateke, eta ia-ia ezinezkoa lukete hurrengo faserako sailkatzea, nahiz eta oraindik, sei jardunaldi falta izan.

Beraz, Biarritzek ez du lan makala izango. Irabaziz gero, kataluniarrak harrapatuko lituzkete; horixe da euskaldunen nahia, nahiz eta aurtengo taldearen egoera ikusita, zaleek ez duten itxaropen handirik. Biarritzek jokalari onak ditu,Perpinyàren zelaian irabazteko gai direnak.

Etxekoentzat ere partida garrantzitsua izango da. Jakin badakite garaipena erdiesten baldin badute, finalaren atarikoa jokatzeko txartela esku artean izango dutela ia-ia, aurkari zuzen bat bazterrean utziko luketelako. Horretarako, aste honetan lan handia egin dute; babesa ere izango dute, harmailak zalez lepo egongo baitira. Babesa beraz, alde izango du talde zuri-gorriak, izan ere, etxekoek babes handia izango baitute, baina horretara ere ohituta egon beharko lukete jokalari euskaldunek.

Aviron, etxean

Top 14ko beste euskal taldeak, Avironek, alegia, etxean, Jean Dauguer zelaian jokatuko du Montpellierren aurka. Zuri-urdinek beherakada handia izan dute azken partidetan, eta Ligako lehen jardunaldietako talde harekin alderatuz gero, zerikusi gutxi du egungo taldeak. Bosgarren izatera iritsi bazen ere, laugarren postutik oso gertu, orain atzeko postuetan sartuta dago.

Joan den larunbatean etxean berdintzea besterik ez zuen lortu, hortaz, oraingoan ezin du hutsik egin. Gainerako emaitzak onak izan ziren zuri-urdinentzat, eta jaitsiera postuak hamaika puntura egoten jarraitzen du.

Egoera horretan, oso zaila ematen du Avironek maila galtzea. Horretarako, atzeko taldeek sekulako lana egin beharko lukete, eta Avironek, berriz, benetan eskasa.

Hala ere, halako arriskurik ez izateko, gaur garaipena lortzea bezalakorik ez da izango. Lau puntu lortzeak berriro ere konfiantza emango bailieke lapurtarrei, eta gaur aurrez aurre izango duten taldea, Montpellier, alegia, sailkapenean harrapatu egingo lukete.

Lau puntu

Une honetan Perpinyà laugarren dago, eta lau puntuko aldea kentzen dio Biarritzi. Gaur jokoan dauden puntu guztiak eskuratu ezean, zuri-gorriek, aurrerantzean, ia ezinezko izango dute alde hori gainditzea

jaitsiera

Avironek Montpellier hartuko du Jean Dauguer zelaian; zuri-urdinek ere ezinbesteko dituzte puntuak. Gaur garaipena eskuratuta, posible izango lukete jaitsiera postuak behin betiko atzean uztea

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo