GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Baskonia final Fourreko laugarren ahaleginean

Beste behin, kaleko garaipena izan zen kontsolagarria

Lau aldiz Final Four-ean, eta lauretan esku hutsik etxera. Egunean zehar orain dela lau urtetako oroitzapenak asko izan ziren arren, bigarren finalerdian ez zen historia errepikatu eta kaleko une politak izan ziren kontsolagarri bakarrak euskaldunentzat.

p004_f01.jpg

Jon ORMAZABAL

Goizean goizetik hasi zitzaizkion bati baino gehiagori Moskuko oroitzapenak burura etortzen. Pragan, Atenasen ez bezala, hiriko erdigunetik apur bat aldenduta egon zen baskoniazaleak elkartzeko lekua -Moskun ere Plaza Gorria itxita egon zen II. Mundu Gerrako garaipena ospatzeko-. Turismorako Plaza del Sol ingurua egokiagoa izan zitekeen arren, Euskal Herritik Madrilera joandako zaleek eskertu zuten giroa pabilioi ingurura bideratzeko klubak izandako ideia hori, izan ere, espainiar Estatuko hiriburuan ez zen giro. Frantziarren aurka orain berrehun urte Madrilgo herritarrek izandako matxinadaren ospakizuna zela-eta, kolore guztietako poliziek, segurtasun neurriek, militarrek, eta ospakizun ofizialek bete zituzten hiriko Alde Zaharreko kale nagusiak.

Bilgune berezi horrek nolabaiteko lagunarte giroa zabaltzeko aukera eman zien zale gorri-urdinei, sarreren birsalmentara joandako beste zale gutxi batzuk baino ez baitziren bertara agertu. Dato kalea balitz bezala -Goya kale inguruak ere Madrileko pijoenetakoak dira- erraldoi, txaranga eta dultzaineroen atzetik gora eta behera ibili ziren, Baskoniaren aldeko oihuak lau haizeetara zabalduz.

Halako txapelketa berezi bat lagunak egiteko ere egokia izan ohi da, eta eguna hasi eta berehala, gasteiztarrek, beste partida jokatzen hasi aurretik argi zuten zein talde animatzeko erabiliko zituzten indarrak. Txikien arteko elkartasunagatik eta juduek erakutsitako harrokeriagatik, Montepaschi taldeak ustekabeko bi mila zale gehiago izan zituen ordu batzuetan. Israeleko bandera ugariren artean, Palestinarekiko elkartasunak ere izan zuen lekurik.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo