Konstituzionalak izena onartzen du, izana ukatu
Auzitegi Konstituzional espainolak Kataluniako Estatut-aren sarreraren gainean eztabaidatu ondoren emandako ebazpen proiektuak Katalunia nazioa dela onartzen du. Baina ez dago Espainia «betierekoaren» batasuna apurtzeko arriskurik. Hau da, auzitegi horrek Kataluniari nahi duen moduan izendatzeko baimena emango dio, izendapen horrek inongo eragin praktikorik izan gabe, ordea. Hartara, nekez onartuko du Kataluniaren eta Estatuaren arteko harremanak aldebikoak izatea. Beraz, Katalunia nazioa da, baina ez benetakoa, ez Espainia bezalakoa, alegia, Konstituzionalaren arabera.
Nolanahi ere, jaio gabeko Estatutaren sarrerak dioenez, Kataluniako Parlamentuak definitzen du Katalunia nazio gisa, ez Estatutak berak, eta espainiar Konstituzioa aipatzen du, hura nazionalitate gisa definitzen duela esanez. Ez da ahaztu behar, bestetik, Estatutaren sarrera horrek ez duela arau baliorik.
Estatu espainolean Auzitegi Konstituzional espainolak arrazoia alderdi bati ala besteri eman ote dion piztuko da eztabaida, alderdi espainolen arteko liskarraren esparruan. Argi dago Kataluniako herritar gehienei, behintzat, ez diela eman. Eta normala da, beraz, herritar horietako askok galdetzea ea kolektibitate historiko eta kultural baten definizioa koletktibitate horretatik urrun baimendu beharrekoa den.