GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Andres Ińigo Euskaltzaindiaren Jagon sailburu eta Nafarroako ordezkaria

Henrike Knörr euskaltzainaren oroitzapenetan

Nago gogokoen gaia onomastika zuela, etengabe erakusten zuen interes eta zaletasunagatik eta, batez ere, gai horren inguruko ekarpenek eta, ohi zuen bezala, egiten zituen ohar zehatzek agerian uzten zutelako bere jakinduria sakonagatik

Hogeita hamar urte zituela izendatu zuten euskaltzain, eta bertze hainbertze Euskaltzaindiaren zereginetan eman ondoren utzi gaitu Henrikek. Ibilbide horretan kargu anitz eta garrantzitsuak izan ditu Akademian, bertzeak bertze, buruorde, idazkari, diruzain, Jagon sailburu, Onomastika batzordeburu izana zen, eta egun Iker sailburu eta Arabako ordezkari zen.

Ez da erraza pertsona baten halako ibilbide oparoa lerro gutxitan laburbiltzea eta ez da hori nire asmoa, seguru bainago bere biografia zehatza epe ez luzeegira ezagutzeko aukera izanen dugula.

Une honetan, begien itxi-ireki batean, hurbiletik ezagutu dudan Henrikeren aipamena egitean, guztien gainetik bi ezaugarri datozkit burura. Alde batetik, pertsona hurbila, hezibide onekoa, bere ingurukoak, ezagunak eta gainerako guztiak jendetasunez tratatzen zituena, harreman errazekoa, xaloa..., Euskaltzaindia ere xalotasunez apaintzen saiatu zena. Bertzetik, ikuspegi zabalekoa, gai guztiez interesa agertzen zuena, kultura guztietara irekia, euskarari eta euskal kulturari emana, buruz ongi jantzia. Gai asko ukitu ditu bere lanetan, batik bat prentsa eta aldizkarietan idatzi izan duen artikulu sailak ongi egiaztatzen duen bezala.

Hala ere, nago gogokoen gaia onomastika zuela, etengabe erakusten zuen interes eta zaletasunagatik eta, batez ere, gai horren inguruko ekarpenek eta, ohi zuen bezala, egiten zituen ohar zehatzek agerian uzten zutelako bere jakinduria sakonagatik.

Horren lekuko dira egin eta bulkatu dituen lanak, han-hemenka eman dituen hitzaldiak, parte zuzena izan duen batzorde, jardunaldi eta nazioarteko biltzarretako agiri eta abarrak. Euskaltzaindiak duen Onomastika batzordearen buru hogeiren bat urtez izateaz gain, Akademiaren «Onomasticon Vasconiae» bilduma ederraren sortzaile ere izan zen, bertzeak bertze. Eta honetaz ari garela, erran beharrean nago, berak koordinatu eta argitalpenerako prest dagoen bilduma honen hogeita bosgarren alea inprimategiko bidean utzita joan zaigula.

Euskal Herriko hezkuntzaz, hizkuntzaz eta kulturaz kezkatua eta arduratua, Arabako euskalduntasunarekin konprometitua, onomastikan jakintsua, ikuspegi zabaleko gizona, Euskaltzaindian urte anitz lanean eman eta Akademia hemengo eta nazioarteko zenbait biltzar, foro eta erakunderen aitzinean bikain ordezkatu izan du. Halakoa zen euskalgintzak galdu berri duen euskaltzain arabarra. Halakoa ezagutu, tratatu eta beti gogoratuko dudan Henrike.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo