GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen» jardunaldiak egingo ditu etzi Kontseiluak

Lakuako Gobernuaren «Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn» txostenari proposamena egin dio Kontseiluak. Ekimenak hezkuntza arloko hainbat eragileren babesa jaso du. Etzi Bilbon egingo diren jardunaldietan aurkeztuko dute sakon beren ekarpena.

p022_f01.jpg

GARA |

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak «Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen. Urrats bat aurrera» jardunaldiak egingo ditu ostegunean Deustuko Unibertsitatearen auditoriumean. Ekimena aurkeztu zuen atzo Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek, EHIGE, Ikastolen Konfederazioa eta Sortzen Ikasbatuaz-eko ordezkariekin batera.

Jardunaldien bitartez Lakuako Gobernuaren «Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn» txostenari Kontseiluak egindako ekarpena aurkeztu nahi dute. Mendigurenek nabarmendu zuenez, eragileen babes zabala jaso du proposamenak. «EHIGEk, Ikastolen Konfederazioak, Kristau Eskolak, Sortzen Ikasbatuaz-ek eta Hik Hasi-k babestu dute», zehaztu zuen.

«Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn legearen garapenerako proposamena» Kontseilua eta Lakuako Gobernuaren Hezkuntza Sailaren arteko elkarlanaren emaitza eta Arantxa Urbek zuzendutako lan-talde teknikoak hilabete luzeetan zehar egin duen lana dela nabarmendu zuen.

Kontseiluko ordezkariak adierazi zuen euskararen normalizazioan berriro hutsik ez egiteko irakas ereduen erreforman aurrera egitea ezinbesteko dela: «Euskararen garapena nahi badugu ezin dugu denbora gehiago galdu, ikasle euskaldun osoak sortu behar ditugu», adierazi zuen.

Agerraldian parte hartu zuen Ikastolen Konfederazioko presidente Koldo Tellituk, eta Kontseiluak egindako proposamenaren hamar ekarpen nagusiak zerrendatu zituen. Besteren artean, «eleaniztasunaren izaera eta ezaugarriak jendarteratuko dituen diskurtsoa zabaltzea» aitortu zion, «hizkuntzen irakaskuntza eta ikaskuntzaren planteamendu berri horretan euskarari lehentasuna ematearen abantailak eta alde onak azpimarratuz». Halaber, positibo jo zuen «irakasle eskolek irakaslegai euskaldunak soilik prestatzea» proposatzea edota Lakuak «Hizkuntza Irakatsi eta Ikasteko Markoa»ren garapenerako proposamena abian jartzeko beharrezko bitartekoak aurreikusi eta onartzea proposatu izana.

Agerraldian, jardunaldietan parte hartzera dei egin zuten. Sarrera doan izango da eta kontseilua@kontseilua.org helbidean izena ematea nahikoa da. «Jardunaldi irekiak izango dira, hezkuntzarekin harremana edo euskararen normalizazioan lan egiten duen edonork parte har dezake».

Jakinarazi zutenez, jardunaldiak 9.30etik aurrera hasiko dira. Ordu horretan Kontseiluko idazkari nagusiak sarrera hitzaldia eskainiko du. Ondoren Kontseiluak egin duen proposamena aurkeztuko du lan-taldearen koordinatzaileak, Arantxa Urbek. Felix Etxeberria, EHUko Pedagogiako katedradunaren ekarpena entzuteko parada izango da ondoren, eta amaitzeko berriz, hezkuntza arloko eragileen mahai ingurua egingo dute. Bertan izango dira, EHIGEko, Ikastolen Konfederazioko, Kristau Eskolako eta Sortzen Ikasbatuaz-eko ordezkariak.

irekiak

Jardunaldiak doakoak dira eta «hezkuntzarekin harremana duen edo euskararen normalizazioan lanean diharduen edonork har dezake parte».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo