GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etorkinak euskarara hurbiltzeko hitzarmena Gernikan

GARA |

Gernika-Lumoko Udalak eta Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) etorkin gazteak euskal mundura erakartzeko akordio bat sinatuko dute gaur udaletxeko bilkura aretoan. Jose Maria Gorroño alkateak eta Mercedes Mugika AEK-ko ordezkariak izenpetuko dute hitzarmena.

AEK-k Gernika-Lumoko etorkin gazteak euskal mundura erakartzeko Plan Estrategikoa diseinatu eta abiatzeko ikerlana gauzatuko du. Idoia Fernández Euskara Saileko zinegotziaren arabera, «12 urtetik 24 urtera arteko udalerriko etorkin gazteak izango dira aztergai, hiru azpi-taldetan bereizita. Alde batetik, 12-15 urte bitartekoak, bestalde, 16-19 adin tartekoak eta azkenik, 20 urtetik 24 urtera arteko gazteak». Gainera, «AEK-k laguntza teknikoa eta metodologikoa eskainiko digu Plan Estrategikoa diseinatzeko», esan du.

Programak eta proiektuak

Ondorioztatutako hausnarketaren bidetik landuko dira programak eta proiektuak, eragile bakoitzaren behar eta ahalmenera egokituta.

Horrenbestez, etorkin heldu berriak artatzeko ibilbide programak, gazteei zuzenduriko berbalagun programak, motibazioa lantzeko jarduerak, gazteen hizkuntza gatazkak gertatzen diren guneak detektatu eta haiei egokitutako mikroplanen diseinuak eta konpromisoetan oinarrituriko hitzarmen bidezko ekintzak jarriko dira abian, atzo jakinarazi zutenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo