Arabako Aldundiak euskara bazter uzten duela salatu du EAEk
GARA |
EAE-ANV biltzarkide taldeak Arabako Aldundiaren Gazteria eta Gizarte Sustapen Sailari euskara zergatik baztertzen duen galdetu eta azalpenak eskatu dizkio. Ohar batean adierazi dutenez, Aldundiaren Gazteriaren Foru Erakundeak joan den hilean aterpetxeetako zuzendariak kontratatzeko aldi baterako lan-poltsen deialdian, besteren artean, «hautagaiak `Cambrige Certificate in Advanced English' (CAE) ziurtagiria edo Hizkuntza Eskolako 4. maila edo baliokidea egiaztatzea exijitu du». Horren aldean, ordea, salatu dute Aldundiak ez duela euskararen ezagutza egiaztatzerik exijitzen eta euskararen ezagutza meritu gisa «lotsagarriki» baloratzen duela. «Azkenaldian modan jarritako `British' ereduak» kasu honetan ez dituela hautagaiak soilik baztertu eta kaltetuko adierazi zuten. Euren ustez, erabiltzaile, langile eta begirale «gehienak euskaldunak direla kontuan izanik horien hizkuntza eskubideen urraketari bide emango zaio».
Horren aurrean azalpenak eskatu dizkio biltzarkide talde aberetzaleak Aldundiko Sailari eta Kontseiluaren Hizkuntza Eskubideen Behatokia zein Lakuaren Elebideri egoeraren berri eman dio.
Halaber, «Aldundian aldaketaren irudia eskaini nahi den honetan, hizkuntza politikan ere gauzak ezer gutxi aldatu direla salatu dute.