Al-Andaluseko zientzia ezagueraren garapena, aztergai Sagueseko zabaldian
«Zientzia mundu andalustarrean» erakusketa La Caixa Gizarte Ekintzak antolatu du, Fundación de Cultura Islámica-ren ardurapean, eta Donostiako Udalaren lankidetzarekin. Sagueseko zabaldian jarrita dagoen karpa bisitatzeko aukera ekainaren 4a bitarte izango da. Finean, zientzia-ikuspegi zorrotzenetik begiratua egiten dio ekimenak hainbat jakintsu andalustar inguratu zituen giroari. Bisitaldia errazte aldera, bost ataletan banatuta aurkezten dute erakusketa.
GARA | DONOSTIA
Donostian ikusgai dagoen erakusketa bost ataletan banatuta dago: Madinat al Zahrako Areto Aberatsean inspiratutariko berregitea; astronomia behatokia; liburutegi, medikuntza bulego eta alkimia laborategia; lorategi botanikoa, eta Granadako alarife baten lantegiaren berregitea. Ibilbideari amaiera emateko, badago bisitariari Al-Andaluseko zientzia eta teknologiaz informazioa eskaintzen dion esparru bat ere, elementu interaktiboa berau, zientzia erreprodukzio, maketa, grafiko eta ikus-entzunezkoak biltzen dituena.
Fundación de Cultura Islámicako arduradun Margarita Lopezek azaldu bezala, erakusketaren helburua hauxe da: «Estatu espainola kultura islamiarrera hurbiltzea, bai eta Al-Andalusen landutako zientzietara gerturatzea ere, kultura harekiko aurreiritziak erauzteko; musulmanen kultura, bizitza ezaguera eta gainditze zientifikorako bide bat baitzen». Lopezen ustez, «ezjakintasunaren deabruak eta topikoak aldenduko ditu ekimenak, kultura ezberdinak elkar ez ulertzeko arrazoi nagusiak diren arrazoi nagusiak».
Kalifen boterearen arrandia
Abderraman III.a kalifa omeiatarrak eraiki zuen hiri-jauregia 936. urtean, Kordobatik zortzi kilometrora. Mende laurdena behar izan zuten hura eraikitzeko, eta Al-Andalusen une gorenaren erakusgarri behinenetako bat bihurtu zen. Hara aldatu zen kalifaren gortea, zerbitzu-hiritxo bat inguruan zuela, defentsa eta mantenua emateko.
Lurraldearen berezko ezaugarriak baliatuz, hiriaren goialdea gotorleku edo kalifaren alkazar bihurtu zen; erdialdean, administrazio eta burokraziarako aretoak kokatu ziren, eta behean, aldiz, meskita edo zokoa. Haren barruan Areto Aberatsak gauzatu zuen Espainia musulmanak X. mendean lortu gizarte eta politika nagusitasuna. Arkitekturaren handitasunak, ataurike ugariak apaingarri zituela, «egundoko bikaintasuna» ematen zion aretoari, eta oro zurtu zituen, gortesauak zein nonahiko diplomatiko eta politikariak. Saguesen gorentasun hori islatu nahi izan da, Areto Aberatsean oinarritu berregitearekin.
Bestalde, astronomiak, ortziaren zientziak ere garapen nabarmena izan zuen kultura andalustarrean, hori dela-eta, behatokia ere bada erakusketako beste txoko batean. Otoitz orduak finkatzea, ilargiaren egutegia kalkulatzea, Islam aurreko arabiarrek zeruari begiratzeko zuten tradizioa edo meskitak Mekara begira egotea, horrek guztiak egiten zuen bidezko interes handi hori. Astronomo andalustarren ondarean, astronomia jakintzen bilduma nabarmenekin batera (Sindhind-eko Taulak) eta aurkitu zituzten konstelazio eta izar ugarirekin batera, astrolabioen garapena eta esfera armilarra sartzen dira. Matematikaren aldeko interesa ere astronomiaren garapenaren pare ibili zen Al-Andalusen.
Medikuntza eta alkimia
Landutako beste esparruetako bat, medikuntza, farmazia eta alkimiarena da. Margarita López historialariak gogorarazi bezala, «egun, medikuntza naturista goratzen dugu, baina beraiek, ordurako, erabiltzen zituzten belar bidezko sendagaiak». Islamak medikuntza naturala garatu zuen; hasieran, prebentiboa, osasun-gomendioetan oinarritua. IX. mendetik aurrera, ordea, medikuntza lanak itzuli egin ziren Bagdadeko Jakinduriaren Etxean, horri esker, sendagile handiak sortu ziren, jakintza osoa eta osatua lantzen zutenak.
Era berean, Al Andalusek nekazaritzaren loraldia ezagutu zuen, eta horretan zerikusi handia izan zuen ingeniaritza hidraulikoa ere, presente da Saguesen -ur-lasterreko noria baten erreprodukzioa dago bertan, besteren artean-. Eta, bada, azkenik, bisitaria Granadako Alhambraren eraikuntza prozesuari begira jartzen duen esparrua. Erabilitako tresneriaren erakusgarriak eta azuleju-estalgarri eta mokarabeen zatiak, bai eta apaingarri ezin hobeak lortzeko erabilitako kalkulu-orriak daude ikusgai; alarife baten lantegian ezinbesteko ziren horiek.
Gazelen klepsidraren berregite bat (XI), hau da, ur-erloju dibertigarri bat -ontziak txandaka betetzen zaizkio, eta, horrekin batera, higidura segida bat sortzen dute jauregiko eszena bat antzezten duten hainbat iruditan-, da mundu andalustarrean lortutako teknologia sofistikazioaren erakusgarri.
Europa, Erdi Aroko ilunpean hondoratzen zen bitartean, ezaguerak loraldia izan zuen Al-Andalusen. Medikuntzak, astronomiak, matematikak eta filosofiak bat egin zuten jakintsu andalustarren gogo zabaletan, zeru-lurren eta bizitzaren ikuspegi osatuaren bila.
Kordoba, Bagdadekin batera, mundu islamdarraren kultura erdigune bihurtu zen, eta zientzia ezaguerak garapen handia eta goi maila nabarmena erdietsi zituen Espainia musulmanean (Al Andalus), IX. eta XIV. mendeen artean. Antzinatasunaren ondarearen oinordeko -bai ekialdekoaren (Txina, India, Pertsia), bai Mediterraneo egiptoar eta greko-erromatarren-, zientziak laster hartu zuen Islamaren ezaugarri nabarmena.
Europak XV. eta XVII. mendeen artean bizi izan zuen zientzia-iraultzak Al Andalusen izan zuen bere prestakuntza aldia. Espainia musulmanak penintsulara eta Europara zabaldu zituen bere eragina eta maisutza hainbat arlotan: astronomia, medikuntza, matematika, ingeniaritza hidraulikoa, botanika eta arkitekturan, besteak beste. Sagueseko ekimenak, bada, zientzia-ikuspegi zorrotzenetik egiten dio begiratua orain hainbat jakintsu andalustar inguratu zituen giro hari. Ben Rusd (Averroes), Abu-I-Qasim Al Zahraui (Abulkasis), Maslama al Mayritu edo Al Zargalu (Azarquiel) eta bestek, «bila ezazu jakintza sehaskatik hilobira arte» esana betez, funtsezko ekarpena egin zioten zientzia ezaguerari.
GARA