GARA > Idatzia > Ikusmira

EAE-ANVren egoitzaren itxierako irudiek Euskal Herriko egoeraren ikuspegi latza islatzen dute

Atzo, Baltasar Garzonen aginduz beste behin ere, Polizia espainiarrak EAE-ANVk Portugaleten zuen egoitza itxi egin zuen. Halako ekintzak ohikoegi bihurtu dira, eta euskal gizartearengan arbuioa gogaitasunarekin nahasten da. Egoera horren aurka egon arren, halako ekintzen aurrean ezer egiterik ez dagoela uste du askok eta askok. Baina ez da hala. Areago, auzia ezin da murriztu herritarrek egin dezaketen edo egin ezin duten horretara. Norberaren konpromisoaren esparrutik harago, herritarrak ordezkatzen dituzten botereen jokabidea aztertu behar da hemen.

Eta ardura horien artean Lakuako Gobernuaren jokabidea aipatu beharra dago. Gogorra da gero polizia espainiarren zigorgabetasuna ikustea, Euskal Herrira etorri, eta «aginduak bete» ez ezik, probokazioa nola darabilten ere ikustea, harro-harro EAE-ANVren ikurra kenduz. Baina hori bezain lazgarria da Ertzaintza euskal herritarrak apaltzea beste nahirik ez dutenen babesean nola azaltzen den ikustea. Lazgarria da arduradun politikoen isiltasuna ere. Hartara, auzia ez da soilik herritar bakanek zer egin dezaketen eta zer ez, agintariek herritarren ordezkari gisa zertarako baimena duten baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo