GARA > Idatzia > Kultura

Film laburren aurtengo uzta biltzeko deialdia zabaldu du Kimuak egitasmoak

Gasteizko Gobernuko Kultura Sailak film laburrak sustatzea, hedatzea eta banatzea xede duen Kimuak ekimenean parte hartzeko deialdia egin du. Katalogo bidez beteko da lanak zabaltzeko helburu hori.

GARA | GASTEIZ

Deialdira zine edo bideo formatuan eginiko edozein ikus-entzunezko lan aurkeztu ahal izango da. Hogeita hamar minutu baino gutxiagoko iraupena izan beharko du, 35 mm-ko azken kopia eduki behar du egileak berak, eta kopia horrek 2007ko irailaren 30a baino geroagokoa izan behar du.

Eskatzailea ekoizlea baldin bada, inbertsioaren %50 bermatu beharko du. Hala izan ezean, ekoizpenean parte-hartzen dutenen arteko portzentajerik handiena berea izango da, eta ez da %35 baino gutxiagokoa izango. Gainera, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) Kalifikazio Ziurtagiria erakutsi beharko du nahitaez.

Eskaerak egiteko epea uztailaren 24ra bitartekoa izango da. Eskaera horiek Euskadiko Filmategia Fundaziora bidal daitezke dagoeneko, beti ere DVDaren kopia batekin batera.

Kimuak-en katalogoa osatzeko orduan, honako irizpideak hartuko dira kontuan: kalitatea, zuzendaritza, antzezpena, gidoia, argazkia eta proposamen berritzailea izatea. Jatorrizko bertsioa euskaraz filmatu izana ere hartuko da, baita proiektuan artista eta tekniko euskaldunek parte hartu izana.

Proposamenak balioesteko batzordea eratuko da. Arlo honetan arituak diren profesional eta aditu ospetsuen artean aukeratutako bost lagunek osatuko dute lan talde hori. Batzordeak aurkeztutako eskaerak aztertuko ditu eta erabakiak parte-hartzaileei eta komunikabideei jakinaraziko dizkie.

Hautatutako lanen arduradunei hainbat informazio eskatuko diete: obraren sinopsia, fitxa artistikoa eta teknikoa, lau argazki edo diapositiba, kartela, zuzendariaren biografia eta filmografia, eta laborategiko 35 mm-ko kopia berria, besteak beste. Baldintza hauek betetzeaz gain, produkzio-etxearen eta zuzendariaren helbideak eta beraiekin kontaktatzeko modua ere jakinarazi beharko dituzte.

Nazioartean oihartzuna

Datu horiekin publizitatea bideratzeko esku-orriak egingo ditu Euskadiko Filmategia Fundazioak. Euskarri inprimatuen eta ikus-entzunezko euskarrien katalogoan jasoko dituzte datu horiek. Halaber, hautatutako film laburrak ere jasoko dituzte katalogoan, eta munduko jaialdi garrantzitsuenetara bidaliko dituzte. Ingelesez, frantsesez eta dagokion tokian gazteleraz azpitituloak jarrita bidaliko dituzte.

Katalogoa film laburren programazioak egiten dituzten telebistetako erosketa arduradunei bidaliko diete, baita banatzaile eta nazioarteko agente nagusiei ere.

Betebehar nagusi horiez gain, ekoizleek Euskadiko Filmategia Fundazioari, Kimuak programa kudeatzen duen erakundeari alegia, adierazi beharko diote film laburrak gaur arte zein jaialditan hartu duen parte eta zein sari jaso duen. Bestalde, erakunde honek urtero, gutxienez, bi kudeaketa-txosten egiteko konpromisoa hartuko du.

Hamaika urte beteko ditu Kimuak programak aurten. Torrelavegako jaialdiak (Kantabria) orain arteko ibilbidea saritu zuen iaz.

UZTAILERA ARTE

Euskadiko Filmategia Fundazioak film laburrekin osatzen duen katalogoan parte hartzeko epea ireki du; interesdunek uztailaren 24ra bitarte izango dute dokumentazioa aurkezteko beta.

EUSKALDUNAK

Jatorrizko bertsioa euskaraz filmatu izana kontuan hartuko du hautaketaz arduratuko den batzordeak, bai eta proiektuan artista eta tekniko euskaldunek parte hartu izana ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo