Astoa ikusi nuen betaurrekoekin...
Dorleta URRETABIZKAIA Aktorea eta idazlea
Astoa izan omen da historian zehar gizon eta emakumeentzat lan gehien egin duen animalia. Eta langileen egunarekin hasi berri dugun maiatz honetan, ondo merezi zuen astoari omenaldi ederra eskaini diote Mexikon. Bertako kaleak astoz bete dira eta jendea, asto belarri eta buztana soinean, kalean ibili da «asto» guztien eguna ospatuz. Baina, astoa Donostiako taberna batean, buruan txapela eta gabardinarekin, ile luzea eta bibotearekin ikusiko bagenu, zer?
Poltsiko Antzerkia hasita dagoela ohartuko ginateke. Atzotik hilaren 25era arte, hiriko taberna eta kafe-antzoki desberdinetan ikuskizun asko ezagutzeko beta izango baitugu. Baina ez Donostian bakarrik, baita Arrigorriagan ere. Hilaren 9an Clown eta Pailazoen XIII. Nazioarteko Jaialdia hasiko baita. Hiru egunetan zehar leku askotako ikuskizunak gozatzeko aukera izateaz gainera, ikastaro pare bat ere eskainiko dizkigute, eta baita zirkuaren munduaz Playmobileko clicks-ekin egindako erakusketa bat ere. Astoa sudur gorriarekin ikustea besterik ez zaigu falta!
Eta asteburu honetan, Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan ikusteko aukera izan dugun ikuskizun bat etorriko zaigu Donostiara. Orain bost urte Donostiako antzerki saria jaso zuen «El guía del Hermitage». San Petersburgo-rako bidaia batean ezagututako benetako istorio batek esnatu zuen Herbert Morot-engan istorio hau idazteko beharra. Nazien garaian Hermitage museoan lan egin zuen Pavel Filipovitx gidari zahartu eta gaixoak, koadrorik eta pertsonarik gabeko museo hutsean, gauero bisita gidatuak nola egiten zituen azaltzen digun gizatasunez beteriko istorio ederra.
Jorge Eines zuzendari argentinarrak antzezle bikain bat aukeratu du gizon honi haragia, bihotza eta ahotsa jartzeko: Federico Luppi. Antzezle handi honek hamar urte luze eman ditu oholtzara igo gabe, eta aukera paregabea izango dugu antzezlan honetan bere maisulana ikusteko. Eta honetan ere astoa ikusteko aukerarik ez badugu, duela hamar urte sortutako Gazteszenak antolatutako antzezpen eta kontzertuetan saiatu beharko dugu. Eta bertan ere zorterik ez badugu, gure astoari lehenbailehen etortzeko esan nahi genioke, hemeretzi urteko lan gogorraren ostean, oihala betiko jaitsi duen Txema Zubiria elkarteari bezala.
Espectáculo: «Me quiero vivir».
Directora: Beatriz Miró.
Intérpretes: Pitxu Arbizu, Ainhoa Ruiz, Monika Torre, Eva Azpiculueta y Maider Lekumberri.
Iluminación: Javier Pérez Eguaras.
Fechas: Mañana y el domingo (Escuela Navarra de Teatro)
y 19 de este mes (Civivox Mendillorri), en Iruñea.
Hora: 20.00 h.