GARA > Idatzia > Musika

Ez diren gauzez ere osatzen da bizitza, Sokurov kutuna

Iñaki LAZKANO Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien irakaslea

Txetxeniako bihotzean iltzatu du begirada Aleksandr Sokurov zinemagile handiak «Aleksandra» (2007) filmean (hilaren 30ean, zinemetan). Biloba soldaduari bisitan joan zaion amona errusiarraren arimaren zimurrak biluzi ditu «Mat i syn» (1997) maisulanaren egileak, ohiko sentiberatasun urratuarekin; Tarkovski-ren malenkonia hotzez hautseztatuz fotograma oro. Gerra ahantzi eta urrun hartan Errusiak duen jarrera salatu arren, Putin-en inperioaren mendixka eta estepetan barrena loratuz doazen «mugimendu nazionalista eta xenofoboetako kideak toleranteagoak bihurtzeko» egin omen du pelikula Sokurovek. Halaxe esan du, bederen, zinema aldizkari frantziar entzutetsu bati eskainitako elkarrizketan. Stalinek kutsatuko zion paternalismoa, nonbait.

Hain ezagun zaigun unibertsaltasun internazionalistaren katiximaren ikasgai berri baten aurrean gaudela dirudienean, hara non kazetariak bete-betean asmatu duen: «Pelikula honetan ez dugu txetxeniar hitza entzuten». Sokuroven erantzuna laburra eta argia da, baina kontraesankor samarra. Eta... ez oso tolerantea hain zuzen: «Txetxenia nire herrialdearen zati da». Arranopola!... ez al ginen guztiok bada munduko hiritar, ala? Homo sapiens-etik Homo global-erako eboluzioa hain azkarra izan denez gero, halako interferentzia atabikoak usu ematen dira. Neander-thalok ezin ditugu ulertu, tamalez. Dena dela, lasaitu ederra hartu dugu. Amona txetxeniar guztiak Grozniko bonbardaketetan zendu zirela pentsatzen genuen eta. Baina ez. Txetxeniar amonak errusiar amonak besterik ez dira, finean. Munduko hiritar izatearen abantailak. Homo koitadua, sapiens-a ala globala izan, nazionalista da funtsean. Nazionalista zentripetoak eta zentrifugoak aurki daitezke. Zentripetoak ondo ikusiak daude. Besteak, ez horrenbeste. Nolanahi ere, zentripetoei kontzientzia alatzen zaie zenbaitetan. Zentrifugoek ezarri zaien paradisutik ihes egin nahi dutenean, bereziki. Irtenbidea Sokurovena izan ohi da. Besteak ikusezin bilakatu, alegia. Hasieran, desagerrarazten zituzten. Turkiarrek Egoyan-en «Ararat» (2002) filmeko armeniarrekin egin zuten bezalaxe. Ikusezin bihurtzearena, ordea, holokaustoa baino askoz ere gizatiarragoa da. Hala, zineman koadrotik at gelditzen dira. Albistegietan bezalatsu. Ez daude. Ez dira. Sarri-ren poemak ezagutuko balituzte, horrek guztiak ez duela ezertarako balio ohartuko lirateke, ostera. Ez diren gauzak badirelako. Bizitza, ez diren gauzez ere osatzen delako.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo