Buruz Buruko Txapelketa
Barriola eta Ruiz, atzelarien ohorea defendatzeko prest
Badakite txapela irabaztea zer den eta azkenaldian aurrelariek erakutsitako nagusitasuna eten nahi dute
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Atzelarien ohorea defendatzea tokatuko zaie aurten ere Abel Barriolari eta Patxi Ruizi. Final-laurdenetan sartzea lortu duten atzelari bakarrak dira, eta, txapeldunen zerrendari begiratuta, Buruz Burukoa irabaztea lortu duten azken bi atzelariak ere bai: 2003an Ruizek; 2002an Barriolak. Orduz geroztik, urteko txapela nagusia aurrelariek jantzi dute eta bada garaia frontoiko koadro luzeetan sufritzen duten pilotariek mahai gainean kolpea jotzeko. Hori da, behintzat, atzo Eibarren materiala hautatzeko bildu ziren bi pilotarien intentzioa.
«Gaur egungo pilotekin buruz buru jokatzeko aireak sekulako garrantzia du eta aurrelariak askoz ohituago daude urte osoan airez jokatzen, binaka ere askoz gehiago sartzen direlako. Nik uste hori dela txapelketan aurrelari gehiago geratzearen arrazoi nagusia», azaldu zuen Abel Barriolak, aurreko koadroetan ongien moldatzen den egungo atzelariak.
Gainera, kontuan izan behar da iaz finalera iritsi zela eta 2006an Lau eta Erdiko txapeldunorde izan zenetik, ez duela bere maila batere jaitsi. «Pozik nago azken denboraldi honetan izan dudan ibilbidearekin. Buruz buruko txapeldunorde izan nintzenetik modalitate guztietan maila ona eman dut. Aurtengo txapelketari dagokionez, une onean iritsi naizela uste dut, bai fisikoki, bai teknikoki», esan zuen iaz finalera heltzeko bost kanporaketa gainditu behar izan zituen pilotariak.
Eskua zaindu nahian
Patxi Ruiz, bestalde, kanporaketa bakarra gaindituta iritsi da final-laurdenetara. Lizarrakoak Aritz Begino menderatu zuen orain dela hiru aste (22-11) eta, atzo argitu zuenez, eskua zaindu nahian ibili da denbora luze horretan: «Ilusioz beteta iritsiko naiz igandera. Fisikoki ongi nago, baina partidak eta entrenamenduak falta zaizkit oraindik, eskua zaintzeko ez dudalako gehiegi jokatu nahi izan».
Ruizen mesedetan esan beharra dago buruz buru jokatu zuten azken aldian bera nagusitu zela, nahiz eta denboran oso atzera egin beharra dagoen partida hura gogoratzeko. Hala, 2003ko finalerdietako ligaxkan, Patxik 22-14 irabazi zion Abeli eta bakoitzak bosna sake sartu zizkion aurkariari. «Biok sakatzaile onak gara eta badakigu tantoa amaitzen. Ez da erraza izango, baina teoria argi dago: dominatzen duenak eta akats gutxien egiten duenak irabaziko du», aurreratu zuen Barriolak.
Abelek Cipriko bi pilota hartu zituen (103,8 eta 103,5 gramo) eta Patxik Punpako beste bi (103,8 eta 104,8). Ruizek ongi laburbildu zuen piloten garrantzia: «Ez dut haren pilotak ateratzeko arazorik izango».