GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoak Angeluko Torneoa

Etxeberri-Kurutxarik eman dute lehen ezustea Sorhuet-Ozafrain menderatuta

p043_f02.jpg

Jon LEUNDA | ANGELU

Etxeberrik eta Kurutxarik eman dute Angeluko Torneoko ezustea, Sorhueti eta Ozafraini 40 eta 32 irabazita, 82 minutuz jokoan aritu ostean. Irabazleek, Xala-Waltariren aurka jokatuko dute finalerdietan.

Jende asko batu zen Angeluko Haitzpean trinketean final-laurdenetako bi kanporaketak ikusteko, nahiz eta bi partidak ez ziren berdin atera, bigarrena, askoz hobea izan baitzen.

Partida horretan, oreka izan zen nagusi. Etxeberri-Kurutxari bikoa 0-6 galtzen hasi zen, baina, jarraian, 8-6 aitzineratu zen. Gero, irabazleak, 22-22 adostu bitarte, beti gibeletik joan ziren arren, hortik aurrera aitzinetik ibili ziren, eta amaieran beraiek erdietsi zuten garaipena. Sorhuetek eta Ozafrainek Binakako finala jokatu zuten igandean, eta nabarituko zuten. Hauek izan ziren partzialak: 0-6, 6-6, 8-6, 8-8, 8-16, 10-17, 13-21, 17-22, 22-22, 30-24, 33-26, 37-30, 37-32 eta 40-32. Hamar bote sartu zituen Etxeberrik, eta sei Sorhuetek.

Lehen partida, berriz, nahiko kaskarra izan zen, lau pilotariek galdutako pilota askotxo izan baitzituzten. Bertan, Ibarrolak eta Dermitek 40-27 irabazi zioten Idiarti eta Lazkanori, 62 minututan. Paxkal Ezkurra zen Ibarrolarekin aritzekoa, baina Urruñakoak eskua minduta du, eta azkenean Dermitek jokatuko du haren ordez lehiaketa honetan. Finalerdietan, Larretxea eta Etxeto izango dituzte aurrean.

Partzialak hauek izan ziren: 1-1, 2-2, 5-5, 10-5, 17-8, 30-15, 34-17, 35-26, 37-27 eta 40-27. Ibarrolak hamar kintze sartu zituen saketik, eta sei Idiartek, nahiz eta honek falta bat ere egin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo