«Hotsez hots», txalapartaren osotasuna irudikatu du «Pelex»ek
Duela bi urte hasitako egitasmoaren emaitza aurkeztu du Jose Luis Elexpe «Pelex»ek «Hotsez hots» izenarekin bataiatu duen erakusketan. 45 eskultura eta 90 bat margolan ditu ikusgai Usurbilen. Gai bera dute orok oinarri: Txalaparta, bere osotasunean.
Izaro AULESTIARTE | USURBIL
Bi urteotan ereindako lanaren fruitua bildu du Pelex-ek egunotan Usurbilgo bi espaziotan aurkezten duen erakusketan, «baina hona ailegatzeko egin dudan ibilbidea luzea izan da», atzo gogorarazi zuenez. «Dakizuen bezala, euskal tradizioko zurezko lanak egiten hasi nintzen lehenengo (kutxa, landa-altzari, armarri eta abar). Eta gero, pixkanaka-pixkanaka, zurezko lan horiek bestelako material, forma eta estilo berrien bilatzen eta esperimentazioarekin uztartzen hasi nintzen».
Bada, 1969an Usurbilen bertan sortu zen artistak aldaketa baten beharra sumatu ei zuen duela bi urte, «beste era bateko lanak egiteko premia». «Pentsatzen jarrita, mugimendu asko duen zerbait egin nahi nuen, eta mugimendu hori txalapartarekin lotu nuen berehala», aipatu zuen. «Nire egur-lantzeak ere, kolpez kolpe, nolabaiteko txalaparta-hotsak sortarazten dituenez, oso erraz uztartu zitzaizkidan». Gainera, jakina da herriak betidanik izan duela lotura estua txalapartarekin, «eta ni neroni -argitu zuen- ere, txalaparta jotzen ikasten ibilia naiz Jexux Artze nuela irakasle. Orduan pentsatu nuen batzuk musika jotzeko txalapartaz baliatzen diren bezala, ni egurraz baliatuko nintzela txalaparta irudi bihurtzeko».
Materialak eta notak
Pentsatu, eta egin. Txalapartari buruzko dokumentazioa ikertzen hasi zen laster Pelex -«hortik atera dira ttakun eta herrenak»-, eta gaia jorratu ahala konturatu zen txalapartak bizi izan zuela materialari dagokionez eboluzio bat: egurra, harria, burdina... Eta musika tresna bera jotzeko modu ezberdinak ere bazeudela ez zitzaion oharkabean pasatu. «Hortaz, bi osagai horiek lotu nahi izan nituen hasieratik bertatik: materialak eta notak. Hau da, materialaren artean gogorrak eta bigunak dauden bezalaxe, noten artean goikoak eta behekoak daude, eta bien uztartze horren bidez, espazioan sortzen diren erritmo eta dardarak irudikatu nahi izan ditut hemengo lanetan».
Txalapartaren eboluzioa kolorearen bidez ere irudikatu du Elexpek: «Eskultura eta koadro batzuei zahar tankera eman nahi izan diet, eta kolorerik gabeak dira; beste batzuetan, berriz, kolore asko baliatu dut gaurkotasuna adierazteko, kolore hotzak eta beroak uztartuz».
Egurra, beti oinarri
Era askotako materialak erabili baditu ere, bada bat lan guztien oinarri dena: egurra. Hori bera teknika ezberdinez landu du gero, eta bestelako materialez ere osatu du: burdina, altzairua, brontzea, harria, soka, zumea... «Elkarketa horien bitartez txalapartaren mugimenduak jaso nahi izan ditut», esan zuen.
«Hotsez hots» erakusketan, orotara, 45 bat eskultura eta 90 bat margolan ikus ditzake bisitariak. Bi aretotan banatuta daude artelanak: Sutegi kultur etxeko erakusketa aretoan -lan eta teknika ezberdinen eredu bana dago-, eta gainerako guztia Barrenkaleko lokal batean. Bisitariak, gainera, Mikel Laboaren musikaz atondutako artelanen gaineko DVD bat zein katalogoa ere eskura ditzake bertan.
«Erakusketa hau zuen gustuko izatea espero dut, eta nire aldetik konforme geratuko nintzateke `Hotsez hots' hau norberak bere baitan sentitzea lortzen badut», nabarmendu zuen Pelexek aurkezpenean.
Inaugurazioa gaur arratsean izango da, eta artistaren irakasle eta lagun izandako Artze omenduko dute hitzorduan; haren figura «era ezberdinetan» egongo da presente bertan, aurreratu dutenez.
Lanean zebilela otu zitzaion «Pelex»i herriko txalapartariei, bereziki, Jexux Artzeri omenaldi bat egitea, hala bere lana «borobildu» nahirik. Urtero, Artze zenaren heriotzaren urtemugaren bueltan, izen bereko kultur elkarteak hainbat ekintza antolatzen ditu herrian. Erakusketa hau ere egitarau horren barruan kokatu dute.
Erakusketa: «Hotsez hots».
Artista: Jose Luis Elexpe, Pelex.
Non: Sutegin eta Barrenkalen.
Noiz: Maiatzaren 25a bitarte.
Inaugurazioa: Gaur, 19.30ean, Sutegin. Bertan txalapartariak ere egongo dira, eta Jexux Artze zenaren sendiari oroigarri bat emango dio artistak berak.