GARA > Idatzia > Kultura

Desoreka taldea rock gogorrean kokatu eta bigarren diskoa kaleratu du, «Funanbulista»

Izen bereko lehen diskoan rock-a 70eko hamarkadako funk erritmoekin uztartu bazuten ere, oraingoan rock gogorraren aldeko apustua egin du Lezoko Desoreka taldeak. Lan «landuago eta pertsonalagoa» dela diote.

p046_f01_.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Tentsio une desberdinen arteko oreka bilatzen saiatzen dira Lezoko Desoreka taldeko bost kideak, hortik taldearen izena. Rock doinuak dituzte gogoko, baina izen bereko lehen diskoan bestelako ukitua ematen ere saiatu ziren 70eko hamarkadako funkarekin uztartuz. Oraingoan berriz, «Funanbulista» (Oihuka, 2008) diskoan euren berezko nortasuna agerian utzi nahi izan dute. Disko «landuago eta pertsonalagoa» dela diote, eta bertan rock gogorra da nagusi. ««Funanbulista»k barne koherentzia handiagoa du. Lehen diskoa denbora luzeko lanaren ondorio izan zen eta kantuek ez zuten, beharbada, horrenbesteko loturarik euren artean. Honakoan berriz, hasieratik genekien zer nahi genuen, zein soinu lortu nahi genuen», azaldu zuen horren harira Iker Alzola gitarristak. Labur esanda, diskoa «homogeneoagoa» da.

«Funanbulista»k euskarazko hamaika kantu biltzen ditu. «Desoreka»n besteak beste, Zea Mayseko Aiora Renteria abeslariaren eta Jousilouliko Matxeten kolaborazioak izan zituzten, oraingoan ostera, ez dute horrelakorik izan. «Lan hau gu gara», esan zuen Ibon Salaberria gitarristak. Hori bai, Negu Gorriak-en klasiko baten moldaketa egin dute, «Itxoiten» kantuarena hain zuzen.

Lan hau, aurrekoa bezala, Garate estudioetan grabatu zuten; Haritz Harreguy izan dute teknikari eta ekoizpen lanetan berriz. «Hamabost egunetan grabatu genuen Garaten, eta horrelakorik espero ez bagenuen ere, aurrekoan baino zailagoa izan zen lana. Intentsiboagoa», argitu zuen Urko «Txitu» abeslariak.

Behin diskoa «fabrikatuta» orain zuzenekoetan murgildu nahi dute buru-belarri, «gure esentzia zuzenekoa baita». «Funanbulista»ren aurkezpen kontzertua bihar izango da Lezoko frontoian herriko jaien barruan.

Gainerakoko kontzertuen datak, taldearen nondik norakoak edota bestelako informazioa eskuratu nahi duenak berritu duten www.desoreka.com helbidean edo www.myspace/desorekan sartzea besterik ez du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo