Inazio Agirre Ezker abertzaleko kidea
Euskal Herri euskalduna
Euskaraz bizi den Euskal Herria berreskuratzea egokia, bidezkoa eta guztion garaipena da, guztion lorpen demokratikoa. Ez da prezio politikoa, denok irabazle aterako baikinateke askatasunari eta berdintasunari dagokionez
Afrikako pentsamendu zahar baten arabera, esklabo egin izan duten herriak ezin du bere hizkuntza galdu; hizkuntza duen bitartean, askatasunaren giltza berekin gordeko baitu. XI. mendean, Nafarroako Erresuma era homogeneoan euskalduna zen. Antso Nagusiak ezarri zituen euskal estatuaren mugak Nafarroako muga geografiko naturaletan. Baina Euskal Herria prozesu politiko nazional baten biktima da, eta prozesu horrek euskararen herria txikitu du.
Estatu nafarraren konkista militarra, hartze eta menderatzeen ondoren, Espainiak eta Frantziak ukatu dizkiote Euskal Herriari beharrezko bitartekoak euskara gordetzeko, belaunaldi berriei transmititzeko eta bere iraunkortasuna bermatzeko: eskola eta administrazioa euskaraz eraikitzea; etorkinen uholdeak hizkuntz komunitatean txertatzea; euskararen erabilera soziala berregitea jendartean...
Asimilazio politikari dokumentatuta dago: Espainian XVI. mendean «La lengua siempre fue compañera del imperio»; XVIII.ean «se extinguen los demás idiomas... como está mandado» gaztelania bakarrik ezartzeko; XX.ean frankismoak hil egin zuen euskaraz egiteagatik. Frantziak XVI. mendean frantsesa inposatu zuen bizitza ofizialean, eta XVIII. mendetik aurrera frantsesa izan da Frantziako hizkuntza bakarra.
Erdarazko asimilazio historikoa burutu ondoren, «konkista eskubidea» legitimatu nahi dute orain, Euskal Herri euskalduna eragozteko. «Konstituzioa», euskararen «inposizioa», «hizkuntz tolerantzia», eta «elkarbizitzaren» aipamenak tranpak dira. Desberdintasuna oinarrizkoa denean, tolerantziak Euskal Herriaren eta euskaldunen eskubideak zanpatzen baititu, eta sartutako bi erdarak indartzen.
Azken 30 urteotan, politika hori gauzatzeko, estatuek EAJren laguntza osoa izan dute. Euskaldun eleaniztunen Euskal Herri euskalduna baztertzeko, elebitasun sozialaren mitoa asmatu dute. Politika horrek hizkuntz berdintasuna ukatzen du, ez du ez hizkuntz gatazka konpontzen, ez asimilaziozko harremanak gainditzen. Defizit hori zuzentzeko, hizkuntza guztien iraunkortasuna bermatu behar da, bakoitzaren nagusitasuna ziurtatuz bere lurraldean. Gaztelaniak Espainian, eta frantsesak Frantzian berdintasun printzipio hori bermatuta daukate, baina euskarak ez Euskal Herrian. Horrek hizkuntz eredua aldatzea eskatzen du Euskal Herri osoan.
Euskararentzako proposamen demokratikoak, behintzat, aitortu behar du Euskal Herri osoan ofizialtasun nahikoa, belaunaldi berri guztiak euskalduntzeko; euskara hutsezko erabilera ziurtatzeko, euskaldunak %70etik gora diren herrietan eta esparru sozialetan; euskal hizkuntz komunitatea berriz osatzeko eta normalkuntza progresiboa zabaltzeko inflexio neurriak; bi belaunalditan Euskal Herria euskalduntzeko, hizkuntz ingurune onuragarrian kokatzeko eta bere garapen iraunkorra bermatzeko. Eta hori ez da ezker abertzalearen proiektu politikoa, ez baita euskal estatu burujabe, sozialista, euskalduna.
UNESCOk dioenez «kultur aniztasunaren defentsa inperatibo etikoa da, pertsona orori zor zaion errespetutik bereizi ezina». Euskaraz bizi den Euskal Herria berreskuratzea, beraz, egokia, bidezkoa eta guztion garaipena da. Ez da inposizioa, guztion lorpen demokratikoa baizik. Ez da prezio politikoa, askatasun eta berdintasunari dagokionez denok irabazle aterako baikinateke. Ez baita arriskuan jartzen norberak duen erdara, ezta gaztelania eta frantsesaren osasuna ere dagozkien lurraldeetan. Espainia, Frantzia eta Euskal Herriko herritarren ekarpena da, munduko hizkuntz aniztasunak iraun dezan.