Egaña eta «Gu ta gutarrak» Bilbon izango dira udaberriko bertso jaialdian
Marta MORALES | BILBO
«Udaberriko Bertso Saioak» jaialdiaren hamalaugarren edizioa Egaña, Lujanbio eta Maiaren mailako bertsolarien jardunaz abiatuko da bihar eta, ohiko hiru bertso saioez gain, aurten «Gu ta gutarrak» ikuskizuna ere eskainiko dute maiatzean.
Santutxuko Bertso Eskolak eta Bilboko Udalak antolatuta, ekimen honen bidez, Bizkaiko hiriburuan euskara eta euskal kultura sustatzeaz gain, «euskaltzaleei topagunea eskaini, eta Bilboko bertsolari eskolek egiten duten lanari sostengua» eskaini nahi diotela azaldu zuen Justo Ezenarro Udaleko Kulturako zuzendariordeak aurkezpenean.
Berarekin batera, Unai Iturriaga bertsolaria izan zen, Igor Elortzarekin batera osatzen baitu «Gu ta gutarrak» ikuskizuna. Bilboko plaza «plaza berezia» dela nabarmenduz, urtero egiten den udaberriko jaialdi honetan parte hartzeagatik pozik agertu zen Iturriaga. Eskainiko duten emanaldian bertsoek eta hitzek nagusitasuna hartzen dutela azaldu zuen eta, bertan, musikaren garrantzia hitzaren mesedetan dela argitu zuen. Horretarako, Josu Zabala musikaria izango dute bidelagun.
«Gu ta gutarrak» ikuskizuna Bilbon beste bi aldiz izan dela gogorarazi zuen Durangoko bertsolariak baina, hala ere, publiko berria biltzea espero dutela adierazi zuen.
Maila handiko bertsolariak
Aire zabaleko bertso saioei dagokionez, bihar Andoni Egaña, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Jon Maia ariko dira taula gainean Santutxu auzoko Karmelo plazan.
Hilaren 17an, berriz, Fredi Paia, Xabi Paya, Sustrai Colina eta Aitzol Barandiaran bertsolarien txanda izango da eta, azkenik, maiatzaren 24 Oihana Bartra, Aitor Mendiluze, Unai Gaztelumendi eta Beñat Gaztelumendi ariko dira bertsotan. Azken ekitaldia «Gu ta gutarrak» ikuskizunarena izango da.