GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Hitz erdiko hitzordua

Azkenean! Mundua ez da momentuz amaituko, euskaldunona behinik behin! Luzapena onartu berri digute eta. Dagoeneko izan bada, badute, hitzordua, maiatzeko hilak hogei dituenean, goizeko kafe-orduan. Non eta hango Moncloan. Loreen hilean, sozialismoaren izenean loreak ihartu erazi egiten dituen alderdiaren gotorleku hartako kafe-makinaren gelan. Asko kostatuta baina azkenean lortua! Komunikazio-gizartearen aroan garela seinale. Urte erdi egin ei du Ajuria Eneako maizterrak beheko estatuaren hiriburuko egunkari independente ezagun bateko «Kontaktuak» sailean iragarki bera egunero ipintzen: «Pertsona heldua, itxura onekoa aurretik begiratuta behintzat, autonomia erkidego baten lehendakaria, etxe barruko lohiak garbitzen saiatua, abiadura handiko harreman serio eta iraunkor baten bila dabil, hartu eta eman helburuaz. Abenturarik ez. Estatuburuak du lehentasuna. Egunean 24 ordu zain. Hotela zein Moncloa. Visa onartua, gero kupotik deskontatzeko. Deitu beheko telefonora. Mesedez, Etxeratekoak ez saiatu berriro, demontre!». Ajuria Eneako Telefonicako teknikari batek egiaztatu didanez milaka dei jaso izan dira egunero telefono horretan azken hilotan, gehienak exekutibo jendearenak, nahiz eta ume pilo batek ere deitu izan duen. Baina estatubururik ez, ez eta ez, aste honetara arte! Moncloako maizterrak deitu baitio Ajuria Eneakoari. Azkenean «zulo» bat aurkitu omen du hark, txiripa hutsean, bere agendan. Eta hitzordua jarrita dago. Hogeita hamar minutuko zuloa izango da hori, iragarkiak eta argazkirako paratzeak barne, NO-EZ, ordena horretan, hamaika bider ahoskatzeko hango estratega politikoek behar duten denbora bera. Ordua hogeita hamar minutukoa bada, kontuak atera hitza zer izango! erdia bera ere! Hitz erdiko hitzordua, beraz.

Batak abenturarako trenera igon nahi ez, besteak lokomotoren talka izan daitekeen beldurra antzeztu nahi bai. Hau izua, gorputz osotik zabaldu berri zaidana! Uuu! Baina, biek zein biek abiadura handiko trena nahi bai. Kosta ahala kosta. Barnealdean ere. «Marx anaiak Mendebaldean» gogoan; bagoiak erre lokomotorak apur bat gehiago ibili dezan. Portzierto, maiatzak hogei dituen horretan beste gertaera bat izango da, serioa, argazkitik haratagokoa. Gelditour birak Zornotzan hartuko du geltoki, AHTren zoramenaren isla. Exekutiboak ez saiatu, mesedez. Besteak egizue Porra!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo