BERRIA Fredi Paia 2008/5/9
`Nafarroa Jai'
Patxi Zabaletak beti kritikatu du Ezker Abertzalearen borroka instituzionala bideratzeko era. Presentzia instituzionala, herri hau zatikatzeko erabili diren marko politikoei eusten dieten foroetan presentzia aktiboagoa, eta bide batez eraginkorragoa, aldarrikatu izan ditu historikoki. Ez dut zertan ezkutatu, beti egon naizela berarekin ados puntu horretan.
Zelako barreak egin genituen orain zenbait urte Mayor Oreja neofrankistak Gasteizko ganberara berandu heldu eta bozketa galdu zuenean. Edo Del Burgok, Silverri buruzko artikulua idaztegatik, hankasartze berbera egin zuenean.
Era berean, zenbat negar egin dugun Vascuencearen legeak nafarron hizkuntzari egin dion kaltea dela medio. Gure herria bizirik irautearen gakoa den euskararen aurkako armarik mingarriena izan da hegoaldean.
Horregatik guztiagatik zur eta lur geratu naiz Vascuencearen legea zertxobait aldatzeko, eta ongi etorriak bitez aurrerapauso guztiak, aukera historikoa Nafarroa Jai-ren erruz galtzera doala jakin dudanean. Guztiok egiten ditugu akatsak, neuk asko gainera, eta beti egongo naiz prest arrazoiak entzuteko. Izan zitekeen parlamentaria gaixorik egotea, erditzear, bertso poteo batean (...). Baina oporretan egoteagatik? Eta egunetako epearekin jakinda? Non dago ba oporretan bere erantzukizunaz era horretan paso egiteko? Plutonen?
Hara gure egoeraren metafora argia, gauza bera defendatzen dugu, baina batzuk kartzelaraino joateko tinkotasunarekin. Eta besteak, bainujantzi eta daikiriaren joko arauen barruan.
Argi geratu da nora garamatzan batzuen ildo politikoak... Benidormera.