Aizkora
Arriak eta Mindegiak apustua hitzartu dute
Jon LEUNDA | TOLOSA
Patxi Mindegiak eta Xabier Orbegozo «Arria V.a»k apustua egin dute: hogei kana-erdikotara neurtuko dira datorren abenduaren 14an Tolosako zezen-plazan, 12.30etatik aurrera. Enborrak erdibana plazaratuko dituzte, eta bakoitzak dirutan 12.000 euro jokatuko ditu.
Zaleek urtetan itxaron duten apustua izango da Miel Mindegiaren eta Arria II.aren semeek jokatuko dutena, nahiz eta hau zaleek espero ez zuten unean heldu den.
Patxi Mindegia izan zen desafioa bota zuena. Berak 16 kana-erdikotara jokatuko lukeela adierazi zuen, baina horietako lau zutik jarrita. Ostiral gauerako jarri zion hitzordua Arria V.ari Tolosako Kantabriko tabernan, eta han agertu zen. Patxi, bere aita Miel alboan zuela, eta Arria V.a berriz, aita, Arria II.a alboan zuela.
Desafioa egiterako garaian ere aitek hitz egin zuten, eta haiek izan ziren eztabaidan aritu zirenak, semeak isilik egon baitziren. Arriatarrek hasieratik garbi jarri zuten zutikako enborrik ez zutela nahi, eta tartean enbor handiagoak sartzeko prest ere agertu ziren. Mindegiatarrek, berriz handirik ez zuten nahi, eta horren ingurukoa izan zen lehen eztabaida.
Ondoren, 26 kana-erdikotarako prest agertu zen Arria, Mindegia ostera ez, eta eztabaidan jarraitu zuten. Apustua bertan behera uztekotan ere egon ziren, baina azkenean bi aldeek erdibideko zerbait bilatu zuten, eta hogei kana-erdikotara jokatzeko prest agertu ziren. Azkenean horrelaxe sinatu zuten kontratua.
Ikusmin handia piztuko duen apustua izango da hau, zaleek beti izan baitute bi gazte hauengan sekulako itxaropena, azkenaldian galdu samar zuten arren. Mindegiak 18 urterekin irabazi zuen Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela, Arriak berriz, 19 urterekin, eta bazirudien aiten lekua bete zezaketela; haiek bere garaian, bi onenak izan ziren, nahiz eta oraindik ere, Miel Mindegiak goi mailan jarraitzen duen.
Bi gazteen arteko erakustaldiak ohikoak bihurtu ziren orain dela hamar bat urte Euskal Herriko plazetan, jendeak gehien ikusi nahi izaten zuen neurketa zen, baina gero ez batak, ez besteak ez dituzte aurreikuspenak bete.
Aizkora behin baino gehigo izan du utzita edo erdi utzita Arriak. Mindegiak, berriz, aizkora urte mordo batean utzita izan du. Orain, biak 30 urteren bueltan, kirol hau serio hartzeko hautua egin dute, eta jakin badakite azkeneko aukera dutela. Galdu edo irabazi lan ederra egiten badute, jendeari onenekin txapelen borrokan aritu daitezkeela erakusteko aukera dute. Hori lortzen badute, zaleek poz galanta hartuko dute.
Mindegiak 33 urte ditu, eta kanporatuta egon arren Urrezko Aizkoran lan ona egin du. Arriak, aldiz, 30 urte ditu, eta Urrezko Aizkoran, final-laurdenetako ligaxkan sartu da, eta Olasagastirekin, eta Larretxearekin neurtuko ditu indarrak.